Alberto Ruiz Gallardon justizia ministroaren eta Ana Mato osasun arduradunaren mehatxuaren aurrean, emakumeek beren bizitzaren, sexualitatearen eta amatasunaren gainean erabakitzeko eskubidean atzera egin nahi duen Abortuaren Legea laster egingo dutela iragarrita, Euskal Herria Bildutik irmo arbuiatu nahi dugu erreforma atzerakoi hau.
Horregatik, koalizioko ordezkariok kalean izango gara bihar, irailak 28, Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko herri eta hirietan mugimendu feministak deituta egingo diren elkarretaratze desberdinetan, emakumeek beren gorputzaren gaineko erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta Mariano Rajoyren Gobernuak egin asmo duen erreforma legegilea salatzeko.
EHBildutik, beren gorputzen, sexualitatearen eta amatasunaren gaineko emakumeen autonomiaren defentsa berretsi nahi dugu, eta abortua kode penaletik kendu beharra ere. Izan ere, abortatzea ez da delitua eta horregatik ez dauka lekurik zigor penaletan, hausnarketarako epeak ere soberan daudela, emakumeek beren erabaki propioak hartzeko duten eskubidea urratzen baitute. Abortua sistema publikoan bermatu beharra dago, emakumeen sexu eta ugalketa osasunerako duten eskubideetako bat delako.