EH Bilduren Udal Taldeak proposamen bat aurkeztu du udalari Deustuko Kanalaren irekiera eta Zorrotzaurreko irlaren sarbide-zubiaren lanetan Bizkaiko Eraikuntza eta Herri Lanen sektorearen hitzarmena betearaztea exijituz.
Ana Etxarte zinegotziak bere ardura adierazi du hurrengo asteetan esleituko diren Deustuko Kanalaren irekiera eta Zorrotzaurreko irlaren sarbide-zubiaren eraikuntza lanetan San Mames Barrian eraikuntzaren lanetan gertatutakoa errepikatu daitekeela iritzita. Bertan, azpikontratek ez zuten Bizkaiko Sektorearen Lan Hitzarmena aplikatzen eta langileak ia esklabotza-baldintzetan zeuden, 12 orduko lanaldiaekin eta astelehenetik iganderarteko lan asteekin.
Zinegotziak onartezintzat jo du egoera eta “Erakunde publikoek bultzatutako obrek lan segurtasunean eta kalitatean eredu izan behar direla”, adierazi du. Hori dela eta “ezin daiteke onartu diru publikoarekin ordaindutako lanetako langileek lan-baldintza prekario hauetan lan egitea, lanaldi luzeekin eta onartezinak diren soldatak jasotzen”.
Abuztuan, San Mames Barriako langileen lan-baldintzak publiko egin zirenean, EH Bilduk Andoni Aldekoa Alkatearen bulegoko Zuzendari Ordezkariaren premiazko agerraldia eskatu zuen. “Oraindik agerraldi hori deitzea itxaroten gaude. Egun, udalak egoera hauen aurrean izango duen jarrerari buruz ez zaigu inongo azalpenik eman”, salatu du.
Etxartek salatu du Deustuko Kanalaren irekiera eta Zorrotzaurreko irlaren sarbide zubiaren lanetan “ ezin dela gauza bera gertatu” eta EAJri leporatu dio lan honen esleipen baldintza-agirian, esleitutako enpresek, kontratek eta azpikontratek Bizkaiko Eraikuntza eta Herri Lanen sektorearen lan-hitzarmena betetzera derrigotzen dituzten klausulak ezartzeko aukera galtzea. Gipuzkoako Batzar Nagusiek halan onartu zuten eta bertan hitzarmena betezen ez baldin bada esleitutako kontratuaren %10 suposatuko luketen isunak jar daitezke.
Hala ere, zinegotziak uste du oraindik garaiz gaudela langileen lan-baldintzak bermatzeko. Helburu honekin EH Bilduk proposamen bat aurkeztu du Udalak Deustuko Kanala irekitzeko lanek esleitua izango den enpresari, zein bere kontrata eta azpikontratei, Bizkaiko Eraikuntza eta Herri-Lanen sektorearen lan-hitzarmena betetzea exijitzeko eskatuz.
Halaber, Etxartek berifikazio eta ebaluaketarako komisio tekniko bat eratzea proposatu du ordezkaritza sindikalarekin hitzarmena betetzen dela ziurtatzeko. “Udalak langileen lan-baldintza duinak eta seguruak bermatzeko bere eskura dagoen guztia egin behar du”, adierazi du.