Emakumea ez da erantzulea; hori izan da Gallardonek Senatuan ugalketa eta sexu eskubideen legearen gaineko erreforma defendatzeko erabili duen argudioa. Bestela esanda, PPren ustez emakumeok ez gara gai gure kabuz gorputza, bizitza, sexualitatea edota amatasuna bezalako oinarrizko gaiei buruz erabakiak hartzeko. Hala, gure gorputzaren gaineko erabakia ez dago gure esku, Diputatuen kongresuaren gehiengo kontserbadorearen esku baizik; non gehienak gizonezkoak diren, beste behin ere, Eliza katolikoaren sektore atzerakoienekin, bizitzaren aldeko elkarteekin eta antzekoekin bat egiten dutenak. Beraiek erabakiak hartzen dituzte eta emakumeok men egin behar dugu, gure buruaren gainean erabakitzeko gaitasunik gabeko adin txikikoak izango bagina bezala.
Alderdi Popularra, abortuaren arautze berriaren inguruko eztabaida, defendatzen duten ustezko moralaren testuingurura eramaten saiatzen da, nahiz eta argudio horiek pertsonalak eta besterenezinak izan. Horrela, PPk emakumeen eskubideak herritar guztiei inposatu nahi dizkien ustezko balore erlijiosoen menpe jartzen ditu, unibertsalak izango balira bezala, erlijioa zerbait pribatua dela ulertu gabe; euren sinesmenen gainetik, estatuak pertsona guztiei eskubide guztiak bermatu behar dizkie, baita emakumeen eskubideak, beste behin ere bigarren mailakotzat jo direnak.
EHBildutik uste dugu PPren asmoek emakumeon autonomiaren eta gure gorputzen eta bizitzen gainean gure kabuz erabakiak hartzeko eskubidearen aurkako erasoa azaleratzen dutela. Ezarri nahi diguten kontrola, indarkeriazko ekintza larria da eta eremu guztietatik erantzun sendoa eman behar diogu. Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikal guztien erantzukizuna da, gaur inoiz baino gehiago, abortu librea eta doakoa eskatzea.
Erreforma hau onartzen bada, emakumeok horrela erabakitzen badugu abortatzen jarraituko dugu, baina Kode Penalaren zigorpean eta gure osasuna eta bizitza arrisku larrian jarriz. Legeak aurrera egiten badu, aberatsek eskubide aitortu hori edukiko dute eta pobreek berriz, ez dute inondik inora bermatuta izango. Abortua kapitalismoa irabaztera eramango duen negozioa bihurtzen bada, osasun publikoan modu kontsekuentean egindako ebakuntza publikoa izateari utziko dio. Abortatzea ezinezkoa bazaigu, amatasuna eta zaintza gure etorkizuna izaten jarraituko dute, eta etxeetan garatuko da, non Menpekotasun Legearen murrizketen erasoak leundu beharko ditugun gure lan isil, doako eta ezkutatuarekin. Izan ere, Legea onartzen bada eta ezin badugu abortuaren inguruan erabaki, zeinek ziurtatzen digu desiratu, nahi eta behar dugun antolaketa sozialaren ereduaren gainean erabaki ahal izango dugula?
PSEk aurkeztu duen ekimenari babesa ematen diogu Alderdi Popularrak proposatutako Erreformari uko egitean bat egiten dugulako, baina era berean, ekimena aurkeztu duen alderdiarekiko atsekabea adierazi nahi genuke. Alderdi honek, ez zuen inoiz emakumeek euren bizitzen, sexualitatearen eta amatasunaren gainean libreki erabakitzeko eskubidea guztiz defendatu, eta bere aukera izan zuenean, lege eskas eta koldar bat onartu zuen; mugimendu feministaren aldarrikapenei jaramonik egin ez zien lege bat; abortua delitutzat jotzen zuen lege bat; emakumeen erabakitzeko ahalmena kontrolpean jartzen zuen lege bat, sektore publikoan abortuaren praktika bermatuko zuen neurri zehatzik ezarri ez zituena.
Emakumeen eskubideak modu eta neurri ezberdinetan botoak eskuratzeko erabiltzen dituen klase politikoaren gehiengoaren aurrean, EHBildutik emakumeen erabakitzeko eskubidearen errespetua bermatzeko erlijioen zeregina testuinguru pribatura mugatuko dituzten estatu laikoak eraiki behar dira defendatzen dugu. Horregatik, Eliza Katolikoaren hierarkiari eztabaida eta ez dagozkion espazioak okupatzen uztea, eta emakumeak gutxiesten laguntzen duten egoerak sortzeko eta sustatzeko izan duen ahalegin historikoa bertan behera uztea eskatzen diogu. Emakumeok ez dugu inoren kontrolik behar.
Emakume guztiei doako abortua bermatuko dien legedia defendatzen dugu, emakumeei euren gorputzaren gainean erabakitzeko eta euren sexualitateaz gozatzeko askatasuna ziurtatzen diena, ugalketa kontuan hartu gabe eta aukera sexual guztien errespetutik.
Eta azkenik, abortua emakumeen eskubideei lotutako zerbait dela uste dugun heinean, emakumeen gogoa soilik nahikoa izan beharko litzateke abortatu nahi duten ala ez erabakitzeko. Horregatik diogu eskubideak ez direla negoziatzen. Ez dira negoziatzen gai hau auzi moral eta bizitzaren defentsa moduan aurkeztu nahi duten taldeekin. Ez da negoziatzen pertsonen erabakitzeko eskubidearen gainetik, familia tradizionalean eta balore zehatz batzuetan oinarritutako bizitza eredu bat defendatzeko eztabaida hau erabiltzen duten taldeekin. Ez da negoziatzen eliza katolikoaren hierarkiarekin, oraindik ez duenak ulertu erlijioa eremu pribatura mugatu beharreko zerbait dela, eta euren sinesmenen gainetik estatuak eskubide guztiak bermatu behar dizkiela herritar guztiei, eta batzuei ez gustatu ere, emakumeenak barne. Ez da negoziatzen iritzi publikoa nahastu nahi dutenekin, abortua pertsona guztien artean, informazio guztiarekin eta proposamen guztiak ezagututa eztabaidatzea galarazten dutenak.
Emakumeen eskubideen aurkako eraso bortitz honen aurrean, mobilizatzera deitu nahi dugu, herritarren gehiengoa bestelako gizarte baten alde dagoela erakusteko, emakumeen eskubideak guztiz bermatuko dituena, haurdunaldiaren etete boluntarioaren legeztatze zabalagoa eta aurrerakoiagoa abiapuntu izango dituena.