Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek salatu egin ditu Espainiako Kongresuan gaur eztabaidatzen ari diren udal erreformaren eduki zein helburuak, izan ere, “Alderdi Popularrak publikoa den oro pribatizatzen jarraitzeko nahiari erantzuten dio, tokikoa pribatizatzeari oraingoan, enpresa pribatu handien mesederako, haiek baitira udal txikiei kenduko zaizkien eskumenak bereganatuko dituztenak”.
Matutek gaitzetsi du PPk udal erakundeei ezarri nahi dizkiela zeintzuk diren jorratu ahal dituzten eskumenak eta zeintzuk ez, “hezkuntza, zerbitzu sozialak eta etxebizitza kudeatzea galaraziko die, horretarako baliabide nahikoak izan arren”. Ildo beretik, defizitarioak direnean, Madrilek ezarritako egonkortasun irizpideen arabera, oinarrizko zerbitzuak pribatizatuko dira, gainerakoak itxita.
Ezkertiar alderditik onartezintzat jo dute legeak 5.000 bizilagun baino gutxiagoko udalerriak desagerrarazi nahi izatea, Hego Euskal Herrian bakarrik, 430 udalerriengan eragina izango duena. Baina oraindik ere harago doa, “eraso egiten dio demokrazia parte-hartzaileari, 100 bizilagun baino gutxiagoko herriek duten Udalbatza Irekiaren formularekin akabatzen duelako, udaletako azpi erakundeekin bukatzen duen bitartean”. Ez dira libratzen ere 20.000 pertsonarainoko udalerriak, legeak hauei eskumen guztiak kentzea ahalbidetzen duelako, beti ere Madrilek aproposa dela uste badu, enpresa pribatuaren mesedean. Horrela eskumenak enpresa handien eskuetan uzten dira, hauek izanik legeak finkatutakoa betetzeko gaitasuna duten bakarrak”. Matutek, erreforma udalek egiten duten lanaren kontrako eraso zuzena dela ziurtatu du, batez ere, zerbitzu sozialak, berdintasun politikak, haur-eskolak, uraren kudeaketa publikoa eta kooperazioaren garapena bezalako arlo garrantzitsuetan.
Bukatzeko, Alternatibaren bozeramaileak lege honen kontrako mobilizazio eta ekimen guztietara gehitzera deitu du, eta bide batez eskaini ditu ere “gastu publikoa arrazionalizatzeko irtenbide askoz demokratikoagoak, Rajoyk baieztatzen duen bezalaxe; diru publikoarekin mantendutakoen artean, monarkia adibiderik larriena dela; aldi berean, Hego Euskal Herrian ditugun gehiegizko polizia alboratu edota senatua bezalako instituzioa saihestu daitezkeen bezala”.