Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak sektore publikoko langileei hirugarren uztez jarraian soldatak izoztuko zitzaizkiela iragarri zuen egun berean, prest azaldu zen Abiadura Handiko Trenaren Bizkaiko zatiaren obrak egin ahal izateko dirua aurreratzeko, berez zati hori egitea eta kudeatzea Madrilgo gobernuari baitagokio.
Euskal Herriko obra foraoniko handiena zein tamainako zentzugabekeria den ondo baino hobeto islatzen duen argazkia da hori, zalantzarik gabe. Gaurko egunez, txosten bat bera ere ez dago obra horren kostuen eta onuren arteko alde baikorrik agertzen duenik.
2006. urtean, 4.178 milioi euroko aurrekontua jarri zitzaion obra erraldoi horri. Hala ere, eta Sustapen Ministerioak emandako datuen arabera, aurrekontu hori 4.615 milioi eurokoa da jada; eta oraindik trenbide azpiegituraren erdia ere ez dago egin. Horri gaineratu behar zaio hiriburuetako sarbideak egiteak edota Iparraldearekin lotura egiteko azpiegiturak (katenariak, nasa, komunikazioetara instalazioak, etab.) izango duten kostua, horiek ez baitira aurrekontu horretan jasotzen.
Ondo entzun duzue, bai. 4.675 milioi euro. Ideia bat egiteko: Fagor enpresaren zorra, 1.600 lanpostu baino gehiago kolokan jartzen dituena, 800 milioi eurokoa da. Zor horren boskoitza balio du AHT egiteak, alegia.
Inondik inora eta ezer lotzen ez duen azpiegitura erraldoia egin nahi dute diru publiko kopuru handiak xahutuz. Izan ere, Iparraldearekin egin beharreko lotura albo batera utzia du Frantziako Gobernuak. Horrek guztiak agerian uzten du bai edo bai inpostu zaigun obra horren plangintza falta.
Baina, gainera, obra horietan ari diren langileak sasi-esklabutza bezala defini daitezkeen baldintzetan ari dira. Hala erakusten dute izan diren 6 langile hildakoak. Kasu horietako batzuk ikertzen ari dira epaitegietan, gutxieneko segurtasun arauak ere bete ez zirelakoan. Hori nahikoa ez, eta obren adjudikazioetan edo lagapenetan irregulartasunak eguneroko ogia izan dira. 2011. urteko kontratuak aztertu ondoren, EAEko Kontuen Epaitegiak 5 irregulartasun behintzat aurkitu ditu.
Egoera hori ikusita, asteazken honetan agerraldia egingo du Legebiltzarrean EAEko Kontuen Epaitegiko presidenteak, EHBIlduk eskatuta, izan diren irregulartasun horiek azaltzeko. Edozein kontratu publikotan zehaztasun handiz jokatu behar da, baina edozein herritar arrunt zorabiatzeko diru kopuruak tartean daudenean exijentzia oraindik eta handiagoa izan behar da.
Horrenbestez, eta bizi dugun egoera sozioekonomiko latza kontuan izanda, diru publikoko euro bat bera gehiago ez xahutzeko eta herri honen garapen ekonomikoa oraindik eta gehiago ez hipotekatzeko, EH Bildutik obrak gelditzea exijitzen dugu. Beharrezkoa da eztabaida sozial eta teknikoa gauzatzea obren egoeraren eta dauden aukeren bideragarritasunaren inguruan.
Obrak geratzea eta eztabaida soziala, horixe izan behar da bide-orria Euskal Herriaren garapen ekonomikoa behin betiko ez hipotekatzeko.