Donostian eginiko agerraldi batean, EHBilduren izenean Igeldoko kontsultan parte hartzera deitu dute koalizioaren Gipuzkoako kide Ayem Oskozek eta Ainhoa Beolak. Honako adierazpena irakurri dute:
Gure ustez azaroaren 10eko kontsulta oso positiboa da herritar guztiontzat. Herritarrei galdetzeko beldurra gainditu behar dugu ordezkari politikook, bai Igeldoko gaiarekin, baita beste hamaika gairekin ere. Hare gehiago, administrazio publikoetatik sustatu egin behar dugu hiritarren iritzia jasotzea eta horretan lagundu.
EH Bildun uste dugu, herri partaidetza oinarri duen kultura politiko berria errotu behar dugula gure instituzioetan. Bide horretan, urrats bat gehiago bezala ikusten dugu Igeldoko kontsulta. Herri partaidetza zuzena, gure instituzioetako funtzionamenduan normaltasunez txertatu behar dugun osagaia da.
Igeldoren kasuan, aspaldiko eskakizun bati bide emateko tresna eraginkorra dela iruditzen zaigu. Igeldoarrek urteak daramatzate beraien erabakiak hartzeko gaitasuna aldarrikatzen, beraien ahotsa entzuna izan dadin behin eta berriro eskatuz… Bada, Igeldoko herritarren eskakizunari bizkar ematea, ez da arazo honi konponbide emateko aukera posible bat. Elkarbizitzaren oinarria, galdetu edota emango den erantzunarekin bat egin ala egin ez, herritarrei hitza hartzeko aukeran oinarritzen da, eta Euskal Herria Bildutik hautu horren alde egiten dugu.
Lehenik eta behin, Igeldon azaroaren 10ean burutuko den herri galdeketaren harira, PSE, PNV eta PP alderdiek azken asteotan mantendu duten jarrera kritikatu nahi dugu. Gure ustez, herri galdeketa oztopatzeko zilegi ez diren bideak erabiltzen ari baitira. Eta hau esateko badugu oinarririk, izan ere
o Herritar oroko bere etorkizunari buruz hartzeko duen erabaki gaitasuna ukatu nahi dute.
o Ez dira egia esaten ari. Datu ekonomikoak manipulatuz lehenik, eta bozkatzerako orduan erabiliko den prozedura zalantzan jarriz ondoren. Ez da egia bi aldiz bozkatu daitekeenik. Kontsultaren aldeko plataformako kide batek ondo adierazi bezala, gogora ekarri behar baitugu barra kodeen bidez identifikatuko dela bozkatzaileari egokitzen zaion bozkarako aukera bakoitza.
Bestalde, PP eta Urkijo inkisidoreak, kontsulta debekatzearekin egin dute mehatxu. Berresten dugu jardun demokratikoaren oinarria dela norberaren egunerokoari egokitzen zaionaz erabaki ahal izatea, lau urteroko hautes prozesuetatik haratago.
Gezurra eta inposizioa arma politikotzat erabiltzen ari dira behin eta berriro, eta hori, ez da gai honek eskatzen digun ardura mailari erantzuteko modua.
Gaurko agerraldi honen bidez, Igeldoko herritarrak animatu nahi ditugu, Igeldo udalerri izatearen alde nahiz kontra egon, azaroaren 10eko galdeketan gogotsu parte har dezaten. Ondo informatu daitezela, hausnartu dezatela, eztabaida dezatela eta azaroaren 10ean beraien iritzia libreki adierazi dezatela.
Eta Donostiatik kontsultaren aurka azaldu direnei, enplazamendu bikoitza egin nahi diegu:
o Batetik, igo daitezela Igeldora, hitz egin dezatela bizilagunekin, antola ditzatela hitzaldiak eta konbentzitu dezatela jendea beraien argudioekin.
o Eta bestetik, argitu dezatela gaurtik, azaroaren 10eko emaitza dena delakoa izanda ere, Igeldoko herritarren borondatea errespetatuko duten ala ez.
o EH Bildun argi dugu, emaitza edozein izanik ere, erabat errespetatuko dugula.