Gipuzkoako Gobernuaren 2014ko aurrekontuen proiektuak Gizarte Politika izango du ardatz eta ez du murrizketa sozialik aplikatuko. Are gehiago, gastu soziala handituko da Gipuzkoan Espainiako Gobernutik eta Eusko Jaurlaritzatik datozen murrizketak estaltzeko, eta Gizarte Politikako Departamentura 9 milioi euro gehiago bideratuko dira datorren urtean. Horrela, aurrekontu orokorraren %48,76 suposatuko du Aldundiak gastu eta inbertsio sozialera bideratuko duena.
Larraitz Ugarte foru bozeramaileak aurreratu ditu gaur datu hauek, eta jakinarazi du ostegunean Diputatuen Kontseilu berezia deituko dela aurrekontuen proiektua onartzeko. Egun horretan bertan, Batzar Nagusietan aurkeztu dute Martin Garitano diputatu nagusiak eta Helena Franco Ogasuneko diputatuak 2014rako foru Gobernuak prestatutako aurrekontu proiektua.
Foru bozeramaileak emandako datu orokorrei dagokienez, Gipuzkoako hurrengo urteko aurrekontua 4.171 milioi eurokoa izango da, hau da, %4,63ko hazkundea izango du aurtengoarekin alderatuz. Horietatik, 758,64 milioi euro izango ditu Diputazioak gestio propiorako, 2013an baino %3 gehiago.
758,64 euro hauetatik, ia erdia, Gizarte Politikara bideratuko dira. Honek suposatzen du Departamentu honek iaz baino 9 milioi euro gehiago izango dituela. “Beraz, Gipuzkoan ez da murrizketa sozialik egongo. Behar gehien dauden momentuetan, estaldura soziala handitu behar dela uste dugulako, eta beste Gobernu batzuk ez bezala, murrizketa sozialak egitea konponbidea ez dela uste dugulako”, adierazi du Ugartek.
“Are gehiago, beste Administrazioek egiten dituzten murrizketak estalduko ditugu gipuzkoarrak ez kaltetzeko. Madrildik eta Eusko Jaurlaritzatik datozen murrizketei aurre egingo diegu herritarrak babesteko, euren eskubide sozialak mantentzeko”, azpimarratu du. Honen harira, Mendekotasun legeko diru-laguntzak eta zerbitzuak ordaintzeko aurrekontua handituko dela aipatu du, izan ere, “nahiz eta Madrildik 30 milioi euro kendu dizkiguten finantziaziorako”. Diputatuaren hitzetan, “Mendekotasuna duten 23.000 pertsona atenditzen ditu Aldundiak Gipuzkoan, eta ez ditugu alde batera utziko”.
Diputazioak 2014ean Eusko Jaurlaritzatik Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari egindako murrizketak ere estalduko ditu eta, horretarako, handitu egingo du berriro pobreziari aurre egiteko martxan jarritako neurri eta prestazio ekonomikoen partida.
Espainiako lan erreformari aurre egin zaio Gizarte Zerbitzu publikoetan eta Diputazioak konpromiso honi eutsi egingo dio, langileen eskubideak babestuz. Horregatik, zerbitzuetan dauden langileen lan hitzarmen kolektiboetan hartutako hobekuntzak aurrekontuarekin babesteko konpromisoa hartu du.