Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Fagorren inguruan sortutako egoera salatu du gaur, adierazle guztien arabera “Euskal Herriko industria ehunarentzat oinarrizkoa den eta milaka pertsonek osatzen duten enpresaren itxiera ekarriko duela”. Matutek gaitzetsi ditu biziraupenaren inguruan enpresak hartutako erabakiak “eredu kooperatiboaren gainetik, korporatiboa ari delako gailentzen, taldeko marka desberdinen arteko elkartasuna ahazteraino”. Hala, kooperatibismoaren demokratizazioa aldarrikatu du ikuspegi kapitalistatik bizkortzea eskatzen dutenen aurrean, horretarako enpresa hauetako erabakitzeko guneak berregitea beharrezkoa dela.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, egoeraren inguruko gogoeta egiteko beharra defendatu du “gure industria ehuna bortizki eraso egiten diolako, eta gure enpresak logika kapitalistaren ondorioetan ez jausteko ahalegin batean, instituzio guztien ekimen zehatzen beharra” dagoela esan du. Zentzu horretan, “suspertze plan bat garatzeko beharrezkoa den guztia egitera eta eskualde oso baten bizimodua eta langileen duintasuna salbatzeko balioko duen benetako planifikazioa egitera” deitu du Eusko Jaurlaritza.
Bestaldetik, Alternatibatik gogor kritikatu dute erakunde finantzarioek betetako papera, “historian inoiz emandako laguntza ekonomiko handienak jasota, ez bakarrik porrota ekiditeko baizik eta, batez ere, haien irabazi tartea mantentzeko, orain, beste alde batera begiratzen dute”. Hau dela eta, bereziki larritzat jo dute Euskadiko Kutxak eta Kutxabankek Fagor salbatzeko apusturik egin ez izana, hau egiteko bideak daudenean; “Euskal Herritik, ulertezina da banku txarra deritzon Sareb-en 100 milioi euro inbertitu izana, gure herriarentzat oinarrizkoa den kooperatiba salbatzeko bidegarritasun falta dagoela diotenean”.
Azkenik, Matutek bere elkartasuna eskaini die erabaki larri honek lur jota utziko dituen pertsona guztiei, eta gizarteari dei egin dio Fagorrentzat irtenbide bat exijitzeko egingo diren protesta guztiekin bat egitera.