Gaur goizean burutu izan da Erriberako Azokako espazio libreen esleipenari jarraitzeko aholku-batzordea. Ana Etxarte zinegotziak salatu du aukeratuak izan diren eskaintzek agerian uzten dutela Udalak azokarekiko duen apustua: turismoa ardatza duten talde inbertitzaile handiei zuzendutakoa, hain zuzen. “Eta horrek Erriberako Azokaren izaera soziala eta herritarrarekin amaituko duela”, ohartarazi du zinegotziak.
Diru publikoaren 18 milioi euro inbertitu ostean, herritarren beharrak asetzeko Erriberako Merkatuak orain arte izan duen izaera galtzeko bidean jarri dutela, turismoari begirako aisialdi gune berri bat eraikitzeko, salatu du Etxartek.
Aukeratutako eskaintzek bat egiten dutela IKEI aholkularitzak, Udalaren eskaerari jarraituz, gune horretarako orain dela hilabete batzuk kaleratutako ideiekin, azpimarratu du zinegotzi ezkertiarrak. “IKEIk kaleratutako txostenean oinarritu da Udala pliegoa egiteko, eta horrek alde batera utzi ditu enplegua sortzen duten ekimen ekonomiko ertain edota txikiak”.
Tokiko eta denboraldiko produktuak sustatuko duen tokiko azoka suspertzeko aukera galdu dela aipatu du Etxartek. “Hau gutxi balitz, pertsonei zuzendutako ekonomia zein kontsumo arduratsua, justu eta ekologikoa suspertuko duen ekonomia solidarioan oinarritutako ekimenak sustatzeko aukera galdu da ere”.
Etxartek esleipen prozesua parte-hartzerik gabe egin dela salatu du. Zinegotziak azpimarratu du Udalak muzin egin diola EHNE Bizkaiak, REASek eta kontsumitzaile elkarte desberdinek uztailean egindako proposamenari. Aipatutakoek, Udalak Erriberako Azokan bultzatu nahi duen eredu elitista salatzeaz gain, irizpide etiko, ekologiko, demokratiko eta solidarioen oinarritutako merkatu soziala eskatu zuten uztailean.
Etxartek salaketan sakondu du eta “muntaiatzat” hartu du eskaintzak aukeratzeko Udalak martxan jarritako “parte-hartze” prozesua. “Auzo elkarteak eta merkatariek parte hartu duten Aholku batzordea Udalak aurrez hartutako erabakien berri emateko bilgune bat besterik ez da izan”, salatu du zinegotziak. “Ez da inolako aukerarik egon partaideok ekarpenak egiteko”, gaineratu du zinegotziak. Bukatzeko, Etxartek adierazi du argigarria izan dela esleipenaren emaitzak prentsaren bidez ezagutu direla, aholku-batzordea izan baino egun bat lehenago, hain zuen.