*Audioa entzuteko azpian
Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa (LPPE) arautzen duen dekretuaren moldaketaren inguruko balorazioa egin du EH Bilduk eta “galdutako aukera” gisa ezaugarritu du. Koalizioko batzarkide Amaia Agirresarobek salatu du dekretu berriak prestazio hori jasotzeko eskubiderik gabe uzten dituela 65 urtetik gorako pertsonak, alegia, menpekotasun egoeran dauden pertsonen gehiengoa.
Agirresarobek zehaztu duenez, koalizioak “prestazioaren ikuspuntua” konpartitzen du Aldundiarekin, menpekotasuna duten pertsonei bizimodu independentea errazteko laguntza gisa definitu baita. Aldiz, EH Bilduk 65 urtetik gorakoei ere zabaldu beharreko prestazioa dela defendatzen du. “Ez dugu arrazoi bat bera ere entzun 65 urtetik gorako pertsonek zainketa profesionala kontratatu ahal izateko prestaziotik kanpo gelditzea justifikatzen duenik”.
Agirresarobek gogorarazi nahi izan du Menpekotasun Legeak posible egiten duela LPPEa 65 urtetik gorako pertsonei ere zabaltzea eta Aldundia ohartarazi du proposatzen duen araudia legez kontrakoa izatearen aukeraz. “Gogora ekarri behareran gaude Kataluiniako Auzitegi Gorenak sententzia bat eman zuela antzeko kasu batengatik eta Generalitatea behartu zuela 65 urtetik gorakoen eskubidea errespetatzera, pertsona horiek bere adinarengatik diskriminatuak izan ez zitezen”.
EH Bilduk legediaren irakurketa zabala defendatu du. Koalizioak Gipuzkoako Aldundian hartutako neurrien bidez prestazioaren onuradun posibleen kopurua 12.500 pertsonara zabaldu zuen. “Bizkaian, askoz ere biztanleria handiagoarekin, Aldundiak prestazioa 8 pertsonei eskaintzea ezarri du helburu gisa” salatu du Agirresarobek. “2014rako EAJk 100.000 euroko aurrekontua proposatu du. EH Bilduk, berriz, 14,4 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Gipuzkoan datorren urterako”.
EH Bilduko batzarkideak gaineratu duenez, “zaintzaren arloan enplegua sortzeko aukera galdu dugu”, zaintza profesionala kontratatzeko pizgarrien bitartez, “baita zaintzaren eredu tradizionalari alternatiba bat eskaintzeko aukera ere, ia beti emakumeen gain geratzen den lana izaten baita”.
Pisu tutelatuak
Aldundiak eskaintzen dituen pisu tutelatuetan ez dira dagozkien hitzarmenak betearazten ari, EH Bilduk gaur salatu duenez. Koalizioak pisu tutelatuetako langileen kexak jaso ditu, pisu horietan hezitzaile eta monitoreen ratio nahiz profilak ez direla betetzen ziurtatu dute langileen salaketek. EH Bilduk Gizarte Ekintzako diputatu Pilar Ardanzari eskatu dio aldez aurretik abisatu gabeko bisitak egin ditzala Aldundiak pisu horietara, eta konprobatu dezala zerbitzuaren kalitatea eta ezarritako lan baldintzak betetzen ari diren ala ez. “Arrisku ebaluazioaren ikuspegitik ematen diren egoeretako asko ez dira inola ere jasangarriak” adierazi du Irune Soto koalizioko bozeramaileak.
Etxerik gabekoak
Bestalde, Bizkaian etxerik gabeko pertsonen kopuruak izan duen gorakadaz ohartarazi du Sotok eta Bilbon dagoeneko berrehundik gora direla azpimarratu du. Azken datuen arabera, 5 pertsona hil dira kalean azken lau hilabeteetan, eta negua eta hotza ate joka ditugula kontuan hartuta, berehalako neurriak hartzeko eskatu dio EH Bilduk Aldundiari. Sotok gaineratu du pobreziaren eta bazterketaren kontrako prebentzio politikak ez garatzeaz gain, Bizkaiko Aldundiak ez dituela asistentzia politikak ere garatu eta EHUrekin batera 2007an landutako txostenak luzatu zizkion gomendioak ez dituela oraindik bete.