Oinarri Agirian argi geratu zen, hauteskundeak tresna direla, ez helburu. Zentzu honetan, bozka kopurua baino, militanteak egitarau komun baten inguruan biltzeko gaitasuna, proposamen alternatiboak garatzea eta erakundearen gizarte inplikazio maila izango dira arrakastaren adierazle. Hauteskundeek helburu horietarako laguntzen dutela ikusten den heinean, euretan parte hartuko da. Erabakia dagokion organoak hartuko du.
Gobernuetan parte hartzearen erabakia, erakundearen izaerari jarraiki, erroko egitarau alternatiboa garatu ahalko denetan soilik hartuko da; ez erreformista denean baizik eta sistema gainditzeko helburua duenean.
Hori dela eta, gehiengoa duen gobernu antisistema egonik, bertan sartuko gara erroko programa aintzat hartuta. Gutxiengoan, beste gobernu batean eragiteko aukerari dagokionez, Europan, Espainian eta Euskal Herrian ezker ez-sozialdemokratak burutu dituen esperientziak kontuan hartuta, ez parte hartzea aldarrikatzen dugu, are gutxiago Jaurlaritzan, Foru Aldundietan edo hiriburuetan, non eskumen ugari eta anitzak egonda kontraesanak pilatu egiten diren.
Hauek dira, beraz, bat egiteko erakunde berriaren oinarriak finkatuko dituzten printzipio, neurri eta proposamenak. Arestian aipatu moduan, bat egite prozesu hau ez da soilik abenduaren 13tik adierazi genuena –hiltzeko jaio, baina gure aztarna garrantzitsua utzita: politika egiteko modu berriak, bai edukietan bai taldekako sortze tresnan-; hazteko, jende gehiago biltzeko ere nahitaezko prozesua da.
Argi dago gure herrian ezkerrak jasaten duen atomizazioak sistemaren alde dauden indarrei mesede egiten diela. Bada garaia aurrerapauso historikoa emateko eta sare sozialak, politikoak eta programatikoak iruteari ekiteko; eta kualitatiboki zein, bereziki, kuantitatiboki sinesgarria izango den alternatiba osatzeko.
Apaltasunez, baina irmoki eta eskarmentuz, sektore politiko eta sozial handiagoekin bat egiteko beharra planteatzen dugu; uneoro bukatzeke egongo den erakundea sortzeko beharra; politika egin eta ulertzeko bide berrien harira egiteko beharra; alderdia baino gizartea eraikitzeko erronkaren beharra; baloreen esparruko borrokak duen garrantzia aldarrikatzeko beharra,… Jakitun gara zein zail den bide honetan aurrera egitea, jakitun kontraesanak sortuko direla eta oztopo ugari gainditu beharko direla, baina gogoz gaude konpromiso horri ekiteko.
Helburua garbia da: epe ertainean ezker alternatibo eta subiranista bloke handia osatzeko baldintza objektiboak sortzen eta indartzen laguntzea (ahal dugun neurrian), sistemaren aldeko indarren egungo nagusitasuna kolokan jarriko duena. Zentzu honetan, bat egiteak gizarteko esparru guztietan – baita erakunde eta instituzioetan ere- alternatiba osatzeko indarrak batzea da, sistemari demokratikoki aurre egingo diona, behe-behetik eta ezkerretik.