“Politika ekonomiko hoberena Gizarte Politikan inbertitzea da”. Hala adierazi du Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek Batzar Nagusietan egin duen Departamentuko aurrekontuaren aurkezpenean. Bertan defendatu duenez, “gastu sozial handiena duten gizarteek hobeto jasaten dute krisia, Gizarte Politikan inbertitzeak ekonomia aktibatu eta gastua sortzen duelako”.
Foru diputatuak azaldu du Gizarte Politikan gastatzen den euro bakoitzak ia 2 euroko produkzioa eragiten duela, hau da, Gipuzkoan bizi direnentzat 1,02 euroko errenta sortzen duela EHUko Ignacio Zubiri Ogasun Publikoko katedradunaren txosten baten arabera. Horregatik, egungo egoera ekonomikoa delakoa izan arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gizarte Politikako Departamentura 9,2 milioi euro gehiago bideratzea erabaki du, horrela, departamentuaren aurrekontua 327.284.199 eurokoa izango da 2014ean, hau da, foru Administrazioaren aurrekontu orokorraren ia erdia.
Aurrekontu honetako dirua bost helburu nagusitara bideratuko da:
1. Baliabide propioekin beste administrazio batzuek egindako murrizketei aurre egitea:
Diputatuak salatu du Espainiar Estatuak Mendekotasun Legea suntsitu duela eta 30 milioi euro murriztu dituela Gipuzkoan, mendekotasuna duten pertsonentzako zerbitzu eta prestazioen finantziazioan. Eskubide sozialen eraso bortitz honen aurrean, Foru Aldundiak mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako partidak zabalduko ditu desgaitasunean (49 milioi euro, 2013an baino %2,4 gehiago), mendekotasunean (129 milioi euro, %1,5 gehiago) eta laguntza ekonomikoetan (47 milioi euro, %0,65 gehiago).
Azken hauen kasuan, gainera, zaintzaileen kontratazio/erregularizazioaren aldeko apustua mantenduko da, Laguntza Pertsonalerako Laguntza Ekonomikoetara bideratutako denari 5,1 milioi euro gehituta. Rodríguezek gogorarazi du Gipuzkoa Estatuko lurralde bakarra izan dela laguntza hau zabaltzen, eta honi esker, urtebete eskasean, zaintzaileentzako 700 kontratu berri sortu direla: “Honek argi erakusten du Gizarte Politikan inbertitzeak ekonomia aktibatu eta enplegua sortzen duela”.
Diputatuak, gainera, Gipuzkoan pobreziari aurre egiteko foru Gobernuak egindako apustua ere azpimarratu du, Eusko Jaurlaritzaren konpetentzia izan arren, existentzia bermatuko duen errenta minimoa ematen zaie gutxien dutenei: “Berriro ere, beste Administrazioen arduragabekeria gure diruarekin estaltzera behartuta ikusi dugu gure burua, eta 7 milioi euro (aurreko urtearen hirukoitza) bideratu behar ditugu Diru laguntzak Bermatzeko Errentan Lakuak egindako murrizketak estaltzera”.
2. Gizarte zerbitzuetako langileen lan baldintzak duintzea:
Diputatuak argi du: “Gizarte zerbitzuetako profesionalek ezin dituzte zainketa duinak eskaini lan baldintza duinak ez badituzte”. Horregatik, Gizarte Politikako Departamentuak espainiar lan erreforma lurraldeko gizarte zerbitzuetan aplikatzeari uko egin eta sektore desberdinetako hitzarmenetako soldata hobekuntzetarako dirua bideratzeko konpromisoa hartu du. Konkretuki, bi milioi euro baino gehiago bideratuko dira mendekotasun eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza eta eguneko zentroetako 4.000 profesionalentzat eta gizarteratze eta babesgabeko egoeran dauden adingabekoekin lan egiten duten 750 profesional ingururentzat.
3. Gipuzkoan gizarte zerbitzuen sare publikoa garatzen jarraitzea.
Desgaitasun zerbitzuaren zabaltzea lehentasun gisa ezarri du diputatuak eta garun paralisia duten pertsonentzat Irunen 14 egoitza plaza berri zabalduko direla aurreratu du eta beste sei lurraldeko eguneko zentroetan. Gainera, 84.500 euro gehiago bideratuko dira babes beharra duten pertsonak oporretan artatzeko partidara.
Mendekotasuneko arretarako sarea herritarren profil eta behar berrietara egokituko da baita Lasarte-Oria eta Bergarako egoitzetan bi unitate psikogeriatriko zabalduta eta 33 plaza egokituta.
Indarkeria Matxistako Biktima diren Emakumeen Arretarako zerbitzuak hazkunde nabarmena izan du aurrekontua %43 igoz, izan ere, Diputazioak Donostiako Berehalako Arreta Zentroa bere gain hartu du eta, 2008ko Gizarte Zerbitzuetako Legea betez, Aldundiko sarearen parte da.
4. Gipuzkoako gizarte erakundeei babesa:
Gizarte erakundeek gure lurraldean egiten duten gizarte lan garrantzitsua azpimarratu du Gizarte Politikako diputatuak, bereziki, behar bereziak dituzten pertsonentzako programa eta zerbitzuak garatuz. Horregatik, hitzarmen eta diru laguntzen bidez lankidetza publikoa mantentzeko konpromisoa hartu du, bai eta irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzendutako Gizarte Ekimenerako Laguntza Plana 16.500 eurorekin egokitzeko konpromisoa ere.
5. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Foru Politika Publiko gisa finkatzea.
Diputazioak Garapenerako Lankidetzarekin gizartea eraldatzeko tresna gisa duen konpromisoa nabarmendu du Rodríguezek eta alor honetan espainiar Gobernuak eta Lakuak egindako murrizketa bortitzak salatu ditu. Gipuzkoan 2014ko urterako diru laguntza deialdia 3.186.721 eurokoa izango dela iragarri du, aurten baino %3 altuagoa beraz.