EH Bilduk Aldundiaren aurrekontu proposamena baloratu du gaur. Batzarkide taldeko bozeramaile Irune Sotok salatu duenez, “beste behin, Aldundiak trikimailuetara jo du eta gardentasun faltaz jokatu du aurrekontu hauen egiazko izaera itxuraldatzeko”.
Koalizioak ziurtatu du gezurra dela Aldundiaren aurrekontuen lehentasuna gizarte politikak direnik. Sotok azaldu duenez, “gizarte politikak lehenetsi izan balira, ez litzateke sail horren pisua murriztuko”. EH Bilduk argitu du 2014rako aurrekontuek %4ko igoera izan dutela baina Gizarte Ekintzak %1,8ko igoera izango duela soilik. “Beraz, txikitu egingo da iaz arlo sozialera bideratu zen ehunekoa”.
Gainera Sotok ez du nahikotzat jo Aldundiak aurrekontuen %43a Gizarte Ekintzara bideratzea proposatu izana. EH Bilduren ustez, “garaiek eskatzen dutenetik oso urrun gelditzen da Aldundiaren ustezko apustu soziala”. Sotok azpimarratu duenez, “politika sozialetan egiazko inbertsioa egitea beharrezkoa da” eta gaineratu du hala adierazten dutela datuek, “inbertsio sozial handiena egiten duten herrialdeak baitira krisia hobekien jasaten ari direnak”. Zentzu horretan argitu du EH Bilduk, gobernatzen duen tokian, Gipuzkoako Aldundian, politika sozialetara aurrekontuen %55a bideratzea proposatu duela.
Politika sozialei Aldundiak lehentasuna ematen diela gezurra dela frogatzen du baita ere, bazterketaren aurkako programak izan duen jaitsiera, gizarteratzeko laguntza berezien atalean aurreko urteetako murrizketak mantendu izana eta laguntza pertsonalerako 100.000 euro besterik bideratu ez izana. Sotore hitzetan, laguntza pertsonalerako, 14,4 milioi bideratzea proposatu du EH bilduk Gipuzkoan, “askoz aurrekontu xumeagoarekin”. Sotoren iritziz datuek adierazten dute “Jose Luis Bilbaok eta bere gobernuak benetako ahalegina egiteari uko egin diola eta milaka bizkaitar egoera latzean jarraitzera kondenatuko dituela”.
Bizkaiko Aldundiak Madrilgo eta Gasteizko gobernuek ezartzen dituzten gizarte murrizketen aurrean inolako neurririk ez duela hartuko islatzen dute aldi berean aurrekontuok, koalizioaren arabera. “EAJk Madrilgo inposizioen aurrean hartu duen jarreraren adierazgarri garbia da Jose Luis Bilbaok murrizketei jartzen dien alfonbra gorria” adierazi du bozeramaileak. Eta adibide gisa aipatu ditu Menpekotasun Legea eta Larrialdiko Gizarte Laguntzak. “Euskal gizartearen kontrako erasoen aurrean herri ikuspegiz eta subiranotasun estrategiaz erantzun beharrean, Bilbaok berehala aplikatzen ditu murrizketa guztiak, besterik egitea ezinezko dela esanaz” gaineratu du Sotok.
Horrez gain, Aldundiak zerbitzu sozialen pribatizazio ereduari eusten diola nabarmendu nahi izan dute EH Bildutik. “Zerbitzu sozialen %99a azpikontratatua dago. Eskubide sozialak negozio bilakatzeko EAJren apustua inon baino garbiagoa da Bizkaian” baieztatu du Sotok.
Bestalde, Aldundiak proposatutako Enplegu Funtsari buruz mintzatu da Joseba Gezuraga batzarkidea. Gezuragak adierazi du Enplegu Funtsa ere trikimailu hutsa dela. “Enplegu Funtsa osatzeko, Aldundiak aurretik existitzen ziren hainbat diru laguntza batu ditu, pakete berean jarri eta apaingarria jarri dio. Horixe da berrikuntza bakarra”. Gezuragak salatu du Jose Luis Bilbaok ez du enplegu politikarik eta Aldundiak ez duela enplegua sustatzeko ahaleginik proposatzen, ohiko diru laguntzetatik aparte.
Gezuragak azaldu du gutxien hazten den saila Gizarte Ekintzarena bada, txanponaren bestaldean dagoena zorra dela. Horixe baita 2014rako aurrekontu proposamenean gorakada handiena duen saila, %8,4ko igoerarekin. Aldundiak, “azpiegitura handiekin itsututa” azken urteotan egin dituen “apustu arriskutsuek”, geroz eta zulo handiagoa eragin dute diru publikoaren zakuan. “Aldundiak eragin duen zorraren kopurua ukatzen jarraitzen du. 1.200 milioi euro aipatzen ditu beti baina Merkataritza Foru Sozietateen zorrarekin 2.200 milioi euroko zorra dugula gogorarazi behar dugu”. Aurtengo aurrekontuaren bikoitza, alegia. Gezuragak salatu duenez, “Aldundiak, ez du zorrari aurre egiteko inolako neurririk aurreikusi. Aldiz, geroz eta zulo handiagoa eragiten duten azpiegiturak finantzatzen jarraitzen du irtenbiderik proposatu gabe”. Adibidez, Barakaldoko BECek, beste 13,5 milioi euro jasoko ditu aurten.
Udal finantzen inguruko kezka plazaratu du EH bilduk baita ere. Udalek herritarrei eskaintzen dieten oinarrizko zerbitzuak bermatzeko finantziazio nahikori ez dutela jasotzen adierazi du Gezuragak. “Sail desberdinetan herrietako proiektuak finantzatzen zituzten partidak desagertzen jarraitzen dutela ikusten dugu. Herrietako saneamenduaz ari gara, beharrezko azpiegiturez, laguntza sozialez, gaztedi programez eta kultura proiektuez.”
EH Bilduko batzarkideak Aldundiarekin bildu ziren atzo eta aurrekontuen gaineko irakurketa kritikoa helarazi zioten. Asier Vega batzarkideak azaldu duenez, aurrekontu molde honekin EH Bilduk akordiorako aukerarik ez duela ikusten transmititu zioten Aldundiari. “EH Bilduk ulertzen du aurrekontuok errotik direla okerrak, dagoeneko porrot egin duten errezeta berdinetan oinarritzen direlako eta desberdintasun sozialak areagotuko dituelako. Akordiorako aukera bakarra aurrekontu berriak egitea litzateke, hasieratik beste norabide bat bilatuko duen proiektua lantzeko”.
Vegaren hitzetan, “Aldundia errezeta oker berberetan trabatuta dago”. EH bilduk garbi dauka politika horiek porrot egin dutela. “Gauza jakina da ez dutela gizarte justuagoa lortzeko balio. Datuek erakusten dute gizarte politiketan gehien inbertitu duten herrialdeak direla krisi egoera honi hobeto erantzuteko gai izan direnak”. Hala ere, Aldundiak neurri berberak proposatzen jarraitzen duela salatu du koalizioak eta zorpetze handiagoa eragingo duela. “Jose Luis Bilbaok ez du bestelako neurririk eskaintzeko, ez du egoerari buelta emateko ideiarik eta ez du gizartearen aldeko apusturik egiteko asmorik ere. Beraz, EH Bilduk ez du Aldundiaren aurrekontu proiektua babestuko” gaineratu du.