EHBildu udal taldeak gogor salatu du CIMUBISA udal enpresak azpikontratatutako Versia taldeko langileek pairatzen duten egoera. Koalizioak jakin izan du CIMUBISArako lan egiten duten Versiako sei langileek ez dutela urriko nomina jaso. Honetaz gain, enpresak gabonetako aparteko ordain saria ordaintzeko prest ez dagoela adierazi omen die langileei. EHBilduk salatu du egoera honen aurrean CIMUBISAko zuzendaritzak ez duela ezer egin, enpresari ordainketak puntualki egin baino.
Jarduteko Lan Teknikoaren gaineko urte baterako lizitazioa irabazi zuen urtarrilean Versia taldeak, YAQS Global Services izenarekin. Versiak egin zuen eskaintza ekonomikoagatik irabazi zuen lizitazioa, batez ere, Versiarena eskaintza merkeagoa izan zelako. “Versiak egindako beheranzko eskaintzak azkenean eragina izan du langileen baldintzatan”, salatu izan du EH Bilduk.
Gaur goizean ospatutako CIMUBISAko Administrazio Kontseiluan, Juan Sánchez EH Bilduren ordezkari eta Alternatibako kideak, langileei zor zaiena Versiari egin behar zaion datorren ordainketatik deskontatzea eskatu du. Horretaz gain, enpresarekin dagoen kontratua bertan behera gelditzea eta datozen lizitazioei begira enpresa zigortzea galdegin du EH Bilduren ordezkariak. Sánchez-ek gogoratu du datorren urterako lizitazioa martxan dagoela.
Era berean, Sánchez-ek CIMUBISAri eskatu dio etorkizuneko lizitazioei begira neurriak har ditzala halako gauza larriak berriro ez gertatzeko. EH Bilduk nahi du oinarri-pleguek ondorengo baldintza minimoak izan ditzaten: azpikontratatuetako langileek soldata duina jasotzea, hauek ordaintzea, gehienezko lan-orduak finkatzea eta enpresek langileekin sinatutako akordioa edota hitzarmenaren kopia udalari helaraztea.
Bukatzeko, Sánchezek azpikontratatutako langileen baldintzak bermatzearekiko CIMUBISAk zein Udalak izandako pasibotasuna salatu du. “CIMUBISAk ardurak ditu, ezin du beste alde batera begira gelditu. CIMUBISAk erantzun irmo bat eman behar du eta lizitadore guztien aurrean jarrera sendo bat finkatu behar du”, gehitu du Sánchez-ek.