Bizkaiko araudi fiskala aldatu egingo da urtea amaitu baino lehen. EAJk, PSEk eta PPk akordioa adostu dute horretarako eta bihar hasiko da eztabaidatzen Batzar Nagusietako Ogasun batzordean. Zein dira, ordea, hiru alderdi horien arteko akordioaren ezaugarriak? Nolako sistema fiskala ezarriko dute Bizkaian?
EH Bilduk azterketa sakona egin du Bizkaian proposatzen den araudi aldaketaren inguruan eta atalez atal aztertu ondoren, esan dezakegu EAJk, PSEek eta PPk proposatzen diguten akordio fiskalaren onuradunak errenta altuko pertsonak eta irabazi handiko enpresak direla. Hau da, gehien irabazten dutenek gutxiago ordaintzen jarraitzeko akordioa da aurkeztu digutena.
Ezin zitekeen aldaketa handirik espero EAJrengandik, azken urteetan aldaketa fiskalak egiteari behin eta berriz uko egin diolako EH Bilduk proposatu duen bakoitzean. PP ere ezin genezake imajinatu gehiengo sozialaren interesak babesten eta ez da harritzekoa aberatsenen interesak defendatzen ikustea. Eta eskuineko bi alderdiekin fiskalitatea adosten duen PSErengandik ere ezin zitekeen akordio aurrerakoirik espero, EH Bilduren eredutik gertu dagoela errepikatu duen arren.
Akordioak ez du bilatzen gehien duenak gehiago ordaintzea. Aldiz, gehien duenari gutxiago ordaintzeko bidea ematen dio eta aldi berean, elusio fiskalerako zirrikituak errazten ditu. Baieztatzen ari garena elementu zehatzetan oinarritzen dugu eta elementu horiek azaltzeko, Sozietate Zergari buruz eta Pertsona Fisikoen Gaineko Zergari buruz arituko gara segidan.
Sozietate Zerga
Sozietate Zergarekin hasita, azpimarratu nahiko genuke, foru arau berriak mugarik gabeko kenkariak aurreikusten dituela irabaziak dituzten enpresentzako. Akordioaren defentsa egiten dutenei entzun diegu esaten gutxieneko tipo bat ezarri zaiela enpresei eta irabaziak dituen orok ordainduko duela tipo hori, gutxienez. Baieztapen hori, faltsua da ordea. Ikerketa eta Garapenerako kenkarien bidez, posible da 60 milioi euroko irabaziak dituen enpresak euro bat bera ere ez ordaintzea. Gaur egun ere aukera hori existitzen da.
EH Bildu Ikerketa eta Garapena sustatzeko kenkariak defendatzen ditu eta beharrezkoak direla uste dugu. Baina argi daukagu kenkari horien funtzioa Ikerketa eta Garapena sustatzea izan behar dela eta ez irabazi handiko enpresei zergarik ez ordaintzeko bidea irekitzea, akordio honek egiten duen moduan. EH Bilduk enpresa irabazietarako kenkariei muga ezartzearen aldekoa da kasu guztietan.
Bestalde, Sozietate Zergaren foru arau berriak proposatzen duen puntu larrienetako bat Enpresen Sustapenerako Sozietateei dagokiena da. Figura hori Gipuzkoan desagerrarazi egin zen, enpresa askok elusio fiskalerako bide gisa erabiltzen zutela ebatzi ostean. Alderdi guztiek ikusi zuten figura hori desagerrarazteko beharra eta handik hilabete gutxira Arabak ere ezabatu egin zituen Enpresen Sustapenerako Sozietateak, arrazoi berberarengatik. Bizkaian, aldiz, araudi berriak figura ezabatzen du baina erregimenaren ezaugarriak enpresa guztiei zabaltzea proposatzen du. Hau da, elusiorako bidea enpresa guztiei zabaltzea da proposatzen dena. Arazoa konpondu beharrean, hedatu egiten da, beraz.
Horrez gain, EH Bildutik ulertzen dugu Sozietate Zerga berriak Bizkaiko hainbat enpresa bultzatu ditzakeela produkzioaren zati bat deslokalizatzera. Izan ere, produkzioaren zati bat kanpoan duten enpresei Bizkaian zergarik ez ordaintzeko aukera eskaintzen zaie, baldin eta Bizkaitik kanpo izan dituzten irabaziengatik zergapetzen bazaie. EH Bildutik oso arriskutsu ikusten dugu neurria, ondorioetako bat Bizkaiko enpresek produkzioaren zati bat herrialdetik kanpo eramatea izan daitekeela ulertzen dugulako. Are gehiago, Tubacex edota Incoesa bezalako adibideak horren gertukoak zaizkigunean.
Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga
Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga proposamenean ere, araudi fiskalak progresibitatearen irizpidea urratzen duela agerikoa da. Esaterako, kapital errentari dagokion atalean, hau da, kapitalak sortzen dituen irabaziei ezartzen zaien tipoari dagokionean, ikusten dugu gutxieneko tipoa, %20koa, 2.500 euroko errenta artekoa dela. Pentsatu dezagun zenbat diru behar den, kapital errentekin bakarri bakarrik, demagun depositu bateko interesekin, urte betean 2.500 euro irabazteko. EH Bildurentzako ez da zilegi depositu txiki bati edo 2.500 euroko irabaziak lortzen dituen bati tipo berbera ezartzea eta horixe da EAJk, PSEk eta PPk proposatzen digutena.
Adierazi nahi dugu foru arau berriaren bidez, Bizkaiak hainbat milioi euro oparituko dizkiola Espainiako Ogasunari. Azalduko dugu nola den posible. Kapital errentei estatuak %21a atxikitzen die eta Bizkaiak, tiporik baxuenean %20 kobratzen du soilik. Bada, %1eko diferentzia hori estatuaren esku geratzen da, ez da Bizkaira itzultzen eta beraz, Espainiako Ogasunari hainbat milioi euro oparituko dizkiogu urtean, araudi fiskal honekin. Hau al da PNV, PSE eta PPk bizkaitarren interesak defendatzeko egiten duten proposamena?
Azkenik, elusiorako beste zirrikitu bat zabalik utzi nahi izan du akordio fiskal honek, baita Pertsona Fisikoen Gaineko Zergan ere. “Stock options” direlakoak, hau da, zenbait enpresa handietan goi kargudunek jasotzen dituzten diru sariak, %50ean zergetatik libre geldituko dira.
EH Bilduren proposamenak
Beraz, azterketa honetatik ateratzen ditugun ondorioak argiak dira. EAJk, PSEk eta PPk sinatu duten akordio fiskalak ez die gizarte interesei erantzuten eta oso urrun gelditzen da fiskalitate justu batek izan behar duen helburutik: gehien irabazten duenak gehien ordaintzea.
Hain justu, kontrako norabidean ematen dira urratsak eta gehien irabazten dutenei gutxiago ordaintzeko bideak irekitzen zaizkie, baita elusio fiskalerako zirrikituak mantenduz ere.
EH Bildutik adierazi nahi dugu Bizkaiarentzat badela bestelako eredu fiskal posible bat. Elusiorako eta iruzur fiskalerako bideak itxi eta zerga sistema progresiboa proposatzen eredua defendatzen du EH Bilduk eta beste lurralde batzuetan egiten den moduan Bizkaian ere posiblea da fiskalitate aurrerakoia aplikatzea.
Horregatik, akordio fiskal honen gabeziak salatuko ditugu biharko batzordean eta gabezi horien aurrean bestelako proposamenak aurkeztuko ditugu emendakin bidez, Bizkaian bestelako eredu bat posible dela argi uzteko.
– EH Bilduk mugarik gabeko kenkariekin amaitu eta kenkari politika arduratsu bat proposatuko du, kenkariei gutxieneko muga erreala ezarriko diena.
– Enpresen Sustapenerako Sozietateen erregimena enpresa guztietara ez zabaltzeko proposamena egingo dugu, dagoeneko Gipuzkoan eta Araban hartutako erabakien norabideari jarraituz.
– Kapital errententzako tipoetan eskala progresibo eta justuagoa proposatuko dugu.
– Estatuko ogasunari milioika euro ez oparitzeko neurriak aurkeztuko ditugu
– Elusio fiskalerako bideak ixteko neurriak proposatuko ditugu, baita “stock options” direlakoen araudian ere.