Ana Etxarte Euskal Herria Bilduko ordezkaria eta Maite Elizondo Alternatibako Koordinakunde Nazionaleko kidea Tegucigalpan dira egunotan, bihar, igandea, Hondurasen egingo diren hauteskundeetan nazioartetik joandako begiraleen ordezkariekin batera. Hauteskunde “garbiak” izango direnaren itxaropena agertu du Etxartek; “hau da, herritarren borondatea errespetatua izatea eta kolpe militarra iraganeko kontua bihurtzea nahiko genuke”.
Manuel Zelaya presidentearen aurka 2009an kolpe militarra gertatu zenetik, “giza eskubideen urraketak eta herri mugimenduaren aurkako jazarpena onartezinak” bihurtu direla ohartarazi du koalizioak. “Hamarnaka pertsona erailak, espetxeratuak edo mehatxatuak izan dira demokrazia defendatzearren”, esan du Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotziak. Era berean, Xiomara Castrok gidatzen duen LIBRE hautagaitzak Honduraseko herri mugimenduari, hauteskundeetan lortutako gehiengoaren bitartez, txaropena” itzularaziko dionaren nahia agertu du.
EH Bilduk agertu duenez, hauteskunde hauek “aukera historikoa” dira Hego Amerikan aldaketa sozialaren alde ematen ari den aldaketan beste urrats bat emateko. “Horregatik, Hondurasen demokrazia berrezartzea adarrikatzen dugu eta, aldi berean, Amerikako kontinentearen aurka kapitala egiten ari den eraso genozidari aurre egingo dion herri burujabetzak jauzi erabakigarria ematea”.