Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek poza azaldu du Adegi patronalak Ander Rodriguez Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodriguezen kontra jarritako salaketa artxibatu izanaren albistea zabaldu ostean. Matuterentzat “patronal gipuzkoarraren jazarpen estrategiaren erabateko porrota berrestera dator, zahar egoitzetakoa bezalako sektore feminizatu eta prekario batean lehenengo aldiz langileen eskubideak enpresen irabazi ekonomikoen gainetik lehenetsi dituen diputatu baten aurkako estrategia”.
Alderdi ezkertiarrak, Ander Rodriguezi “bere babes eta elkartasun osoa” eman ziona pasa den udan Adegiren salaketa ezagutu bezain pronto, Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuak momentu horretan erakutsitako ausardia azpimarratu du berriro ere, langileen eskubideen defentsari ekin ziolako. Izan ere, salatzaileek aurkeztutako frogak ikertu ondoren, “diputatuari leporatu ahal izan dioten gauza bakarra etorkizuneko prozesuetan langileen baldintzak kontutan hartuko direla enpresetako ordezkariei abisatu izana izan da; guztiz zentzuduna dena, zaintza bera, isilarazitako sektorea delako, eta honen prekariotasunak zerbitzuaren kalitatea eta duintasuna baldintzatu ditzakeelako”.
Bukatzeko, Matutek errua leporatu die “enpresaburu handiekiko erakutsitako menpekotasunaren ondorioz, Aldundi eta Gobernuak haien irabaziak bermatzeko daudela pentsatzera eraman izan dituzten instituzioei, kalitatezko baldintzetan oinarritutako zerbitzu publikoak eman eta langileen zein erabiltzaileen eskubideekiko errespetua bermatu beharrean”.