Euskal Herria Bildurentzat, AHTren aurkako ekintzaileei Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak, bat eta bi urte bitarteko kartzelaldira zigortzen dituenak, gehiegikeria juridiko larria da, eta agerian uztera dator organo judizial honek Frankismo garaiko Ordena Publikoaren Tribunalaren ondorengoa dela. EHBilduren ustez, gure ingurumena zein baliabide naturalak botere enpresarialen etekinerako desegiteko eragozpenik ez duen sistema neoliberalaren aurrean protesta egiten duten mugimendu sozialak eta pertsonak kriminalizatzea du helburu epai honek.
EHBildutik Abiadura Handiko Trenaren aurka gaudela berresten dugu, Euskal Herriaren etorkizuna hipotekatzen duen heinean, bai ekonomikoki, belaunaldi desberdinek ordaindu beharko duten zorrarekin zamatzen gaituelako, baina baita gure ama lurrean duen eragin atzeraezinarengatik, beste edozein azpiegiturak baino gehiago artifizialduko duelako gure lurra. Gainera, inondik inora beharrezkoa ez den proiektua da, Euskal Herria bide egokian egituratzen ez duena eta inolako eztabaida sozialik izan ez duena.
Eta makro-azpiegitura honen inposaketa salatzen dugun moduan, gure elkartasuna adierazi nahi diegu inora ez doan proiektua geldiarazteko borroka txalogarria egiten ari diren norbanako zein kolektiboei. Berriz ere, kriminalizazioa eta zigorra pairatzen duten pertsona eta taldeak dira, boteretsuen aurrean otzan eta herritar arruntekin zurrun azaltzen den sistemaren eskutik.
Azkenik, azpimarratu nahi dugu epaiaren indarrak kontrastatu egiten duela, lehenengo eta behin, nazioartean eman izan diren antzeko gertaerekin, absoluzioan edo isun txikien epaiak izan dituztenak; eta bigarrenik, iruzurrari lotutako pertsonak edo CAN bezalako kutxa publikoak desagerrarazi dituzten arduradun politikoak aske uzten dituzten epaiekin, edota zauri larriak, eta heriotzak erea, eragin izan dituzten segurtasun indarren operazioetan inolako deliturik ikusten ez dituztenak.