EH Bilduren bozeramaile Marian Beitialarrangoitia eta Oskar Matutek agerraldia egin dute gaur Gasteizko Legebiltzarrean, EAJk aurrekontuen harira indar konstituzionalistekin lortu duen akordioaz iritzia emateko. Koaliziokideek tinko salatu dute 3 alderdien interesak asetzeko egindako akordioa dela eta boto ikuspegitik soilik bilatu dutela EAJk, PSEk eta PPk. “Lortu duten gauza bakarra izan da partida zehatz batzuk arbitrarioki banatzea, alderdi bakoitzak izan dituen interes partidisten arabera. Aldiz, uko egin diote gizartearen gehiengoak dituen arazoei benetan aurre egiteari”, salatu dute.
Sinatu den aurrekontu akordioek “lehentasuna ematen diote gutxi batzuek dituzten interesei, alegia, espekulazioari esker krisiari etekin ateratzen ari diren horiei. Finean, Madrilgo eta Bruselako exijentziak asetzea nahi izan da, herri eta gizarte burujabe, libre eta erabakitzeko eskubidean aurrera egiteari uko egin zaiolarik”. Koalizioaren iritziz “EAJk baztertu egin du Euskal Herrian pentsatutako politika propioak egiteko aukera eta baliabide propioetan sakontzeko bidea egiteko aukera”. “Gure iritziz, ezinbestekoa da kontrako bidea hartzea, alegia, egunero pairatzen ditugun erasoei erantzuteko baliabideak eraikitzea”. Eraso horien adibide aipatu dituzte Hezkuntza Erreforma, Lan Erreforma, pentsioetan murrizketak, zerbitzu publikoetan murrizteko politikak, etabar. “Urkulluk nahiago izan du bahituta duen burujabetzarekin konformatzea”, laburbildu du Matutek.
EH Bilduren iritziz, “3 alderdiek nahiago izan dute erakundeetako horma barruetan duten gehiengo aritmetikoa baliatu euren politikak egiteko. Aldiz, entzungor egiten diote gehiengo sozial eta sindikalari. Bigarren hori da, hain zuzen, EH Bilduren bidea: “politika ekonomikoek jomuga izan behar dute gehiengo soziala eta ez Madrilen eta Bruselaren exijentzia asetzea”.