Bihar 5 urte beteko dira Alternatibaren abiapuntu izan zen asanblada Bilbon ospatu zenetik. Bidaia bizia izan da, pairatzen ditugun krisi anitzetan kokatua eta, tartean, hauteskunde prozesu desberdinak izan dituena. Ondorioz, gurea bezalako talde politiko gazteak indar guztiak jarri behar izan ditu bere sorreran ezarritako helburuak betetzen saiatzeko; Euskal Herriko ezker alternatiboaren artikulazioan eta haren eraldaketan lan egitea, menperatze sistema guztien aurkako borrokak uztartzen dituen agenda politikoa sortuz, borroka batzuk besteen gainetik lehenetsi gabe.
Testuinguru politikoak berretsi egin du gure lehen apustuaren beharra, ezkerraren batasunaren alde lan egitearena. Izan ere, PNV, PSOE eta PPko gobernu desberdinen eredu sozioekonomikoak porrot egin duen arren, alderdi horiek ez dute inolako eragozpenik haientzat garrantzitsuena den guztia adosteko, sistema egonkortu eta, herritarren lepotik, gutxi batzuen irabaziak bermatzeko.
Hala, hiru alderdi horien arteko itunak ditugu, aurrekontuetan zein fiskalitatean; jeltzaleak ditugu Madrilen poliziaren funtzioak pribatizatzeko PPk proposatutako legea babesten; eta Confebaskeko idazkari nagusia dugu, PNVko gobernu bateko kontseilari izandako berbera, epaileek lan erreforma boikotatzen ari direla salatzen; salaketa horrekin bat egin du, noski, Euskadiko Alderdi Popularrak, legearen bitartez geldiezina izango den bigarren erreforma laborala aldarrikatuz.
Gobernu hauek, dagoeneko, demokrazia bera ere dute oztopo, faxismotik gero eta hurbilago daudela: LOMCEren modukoak hezkuntzan, Guardia Zibilak eginiko zerrenda beltzekin batera, frankismo garaiak berpiztuz; emakumeek beren gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea ere urratzera doaz berriro, abortu legearen erreformarekin; protesta sozialaren debekua beldurraren bitartez; edota zorra zein azpiegitura erraldoien ordainketa sakralizatzea pertsonen eskubideak urratzen diren bitartean.
Ospatzeko baino, hartara, lanean jarraitzeko inoiz baino arrazoi gehiago ditugu: Euskal Herriko ezkerrak hamarkadetan izan duen eraldaketarako lanabesik onena bultzatzen jarraitzeko lanean. Alternatiba osatzen dugun gizon emakumeok, gaur egun ere diogu ez ginela jaio euskal politikari sigla berri bat gehitzeko, baizik eta ezkerraren artikulazioa indartzeko borondatearekin, Euskal Herria Bildu koalizioan gorpuztu egin dena.
Proiektu berean kultura politiko desberdinak uztartzea beharrezko erronka izan da, ahots bakarrez hitz egiten duen eskumaren aurrean, inolako krisialdirik pairatu ez dutenen ahotsa, haien irabaziak mantentzeko eskubideak murriztu eta zerbitzu publikoen murrizketak exijitzen dutenen aurrean. EHBilduk Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Diputazioaren tamainako erakundeak gobernatzeko gaitasuna duela erakutsi du, lorpen garrantzitsuekin, esaterako: erraustegia geldiaraztea lortu da hondakinak biltzeko sistemarik onena bultzatu duen bitartean; edo ondasun handien gaineko zergaren moduko erreforma fiskalak, orain eskumak patronalaren aginduetara eginiko proposamenarekin ordezkatzera badoa ere. Demokrazia parte-hartzailea jorratzen duten prozesuak ere martxan jarri ditu, horietan sakondu beharra badago ere.
Baina pozik egotetik urrun, jakin badakigu borroka hasi besterik ez dela egin; ezkerreko subjektu politiko horren eraikuntzan jarraitu beharra dugu, bidetik azalduko diren oztopoak eta kontraesanak gaindituz.
Agenda erradikalak eta egiturazko aldaketak bideratzeko ahaleginean, gaurtik astelehenera bitarte, Gasteizen, Bilbon eta Donostian ‘Alternatibak lotuz’ lemapean antolatu ditugun hitzaldiak aurkezten ditugu gaur. Horietan, eremu edo erakunde desberdinetako ordezkariek hartuko dute parte, sistemari aurre egiteko beren alternatiben berri ematera etorriko direnak. Hizlari izango ditugu, besteak beste, Pablo Iglesias(Complutenseko irakasle eta La Tuerka saioko aurkezle), Manel Márquez (Historialaria eta Kaos en la Red atariko sortzailea), Lola Cabello (Andaluziako SAT sindikatua), Alex Maymó (Kataluniako CUPeko kidea) eta Joxe Iriarte ‘Bikila’ (Gorripidea).
https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn2/1490875_777091142308204_1843140856_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/1495912_777096848974300_1838977495_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc3/1506152_777098992307419_477671747_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn2/1483825_777101488973836_1870269040_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/1492602_777105342306784_1724213533_o.jpg