EH Bilduk gastu erreserbatuen batzordean parte hartzeari uko egin dio gaur Legebiltzarrean eta organo horren desagerpena eskatuko du “bere izaeraren beraren oinarri-oinarrian iluntasuna dagoelako eta, hortaz, Segurtasun Sailak herritar guztien diruarekin egiten duen kudeaketaren gaineko kontrol publikoa saihesteko tresna baino ez delako”, Oskar Matutek adierazi duenez. EH Bilduko legebiltzarkideak gardentasuna aldarrikatu du, eta nabarmendu du “sistema demokratiko batean, benetan demokratikoa baldin bada, ez dagoela tokirik sekretupeko eta jendartearen kontrolik gabeko gobernu-ekintzetarako”.
Ildo horri jarraituz, gastu erreserbatuen izaera bera salatu ondoren, Matutek gogora ekarri du “historiak argi erakusten duela sekretupean gastatutako funts publiko horiek behin baino gehiagotan ekintza antidemokratikoak eta giza eskubideen aurkakoak finantzatzeko erabili direla; guk ez ditugu horrelako sugeen habiak babestuko”. Bere hitzetan, “segurtasun arloan ere ezinbestekoa da gardentasuna eta kontrol publikoa bermatzea, eta hori bateraezina da gastu erreserbatuen kontzeptuarekin. Horregatik eskatuko dugu batzorde berezi horren eraldaketa, goitik beherakoa, gardentasuna ziurtatu nahi dugulako”.
EH Bilduren iritziz, gaur ere agerian geratu da Beltran de Heredia sailburuak agindu zuen polizia eredu berria titular periodistiko hutsa besterik ez zela, funtsean ezer ez delako aldatu; Segurtasun Sailaren benetako eredua betikoa da, iluntasunaren eredua, alegia. Izan ere, EAJk bat egin du berriz ere PSErekin eta PPrekin Iñigo Cabacasen hilketa argitzeko bidean trabak jartzeko, “bere heriotzak ilunpean jarrai dezan”, Julen Arzuagak salatu duenez. Hiru alderdi horiek “beto politikoa” berretsi dute eta uko egin diote EH Bilduk eskatutako agerraldiak, Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruarena eta Segurtasun sailburuarena, hain zuzen ere, tramitatzeari.
Erantzukizun penalak argitzea epaitegiei dagokiela azaldu du Arzuagak, baina “Iñigoren heriotza argitzea eta ardura politikoak garbitzea –erantsi du– Legebiltzarrari dagokio, besteak beste, horixe izan zelako Cabacas familiarekin talde guztiok hartu genuen konpromisoa”. Horregatik, datu asko argitu eta kontrastatu gabe daudela ohartarazi eta gero, EH Bilduko bozeramaileak EAJ, PSE eta PPk erabili dituzten “aitzakia merkeak” kritikatu ditu: “gure eskaria errepikakorra dela, auzia sub-iudice dagoela, zarata egin nahi dugula, gure interesa alderdikoia dela diote, baina hau Ertzaintzako buruak ‘Cabacas auzian’ duen arduraz azalpenak emango zituen lehenengo aldia izango zen”. Hori dela eta, “sinestezina eta lotsagabea da Aldekoa eta Segurtasun sailburuaren azalpenak entzuteari ezezkoa ematea eta Ertzaintzaren jardueraren gaineko edozein kontrol saiakera dinamitatzea”.