Aitziber Laskibar Lizarribar BERRIAko kazetariak Oskar Matute Alternatibako bozeramaileari eginiko elkarrizketa alderdiaren bosgarren urtemugaren harira. Hona hemen, hitzez hitz, egunkariak gaur argitaratutakoa.
Betiko hitz jario arin eta osoa du Matutek (Bilbo, 1972). Ondo mamituta dauka ezkerraren diskurtsoa, eta gai da edozein galderari segurtasun osoz erantzuteko. Gazteleraz erantzun dio BERRIAri, Alternatibaren Bilboko egoitzan.
Bost urte bete ditu Alternatibak. Zein balorazio egiten duzu?
Gauza asko gertatu dira bost urteotan, baina bat aipatuko nuke: eragiteko gaitasun oso handia duen baliabide bat sortzea lortu dela lehen aldiz Euskal Herriko historian: Euskal Herria Bildu. Alternatibak, duela bost urte sortu zenean, esan zuen ez zuela nahi Euskal Herriko ezkerraren espazio politiko zatituan beste sigla bat gehitzea; bere helburua euskal ezkerra batua artikulatzeko prozesua sortzea zela. Hori Euskal Herria Bildun gauzatu da, eta legez kanporatzeen dinamika hautsita egin da, gainera. Horixe da alderik onena. Hala ere, argi dago oraindik ibiltzen hasi besterik ez dugula egin. Asko dugu oraindik egiteko arlo guztietan: gatazkaren konponbidean, erabakitzeko eskubidea bermatuko digun esparru demokratikoa eskuratzeari dagokionez, krisi ekonomikoa deitzen dioten iruzur honetatik ihes egiteari dagokionez, eta bestelako eredu sozio-ekonomikoa izango duen herri bat eraikitzeari dagokionez. Gaur-gaurkoz, erronkak lorpenak baino garrantzitsuagoak dira, baina, nolanahi ere, lehen ez genituen baliabide batzuk ditugu orain erronka horiei heltzeko.
Eta zeintzuk dira alde txarrak?
Okerrena kanpotik datorrela uste dut: oso hotza den errealitate batetik, eskubide demokratikoak erabat urratzen dituen Espainiako Gobernuaren jarreratik. Eta interes oso argiengatik lokartuta edo narkotizatuta mantentzen den gizartea aktibatzeko beharretik ere bai. Izan ere, ez dago erreakziorik oinarrizko eskubideen aurka, eskubide sozial, ekonomiko zein sozialen aurka egiten ari diren eraso larrien inguruan. Hori lantzen jarraitu behar da.
Ez zenuten halako jarrerarik espero?
Bai, bai. Ez dugu aurkitu espero ez genuen ezer. Espero genuen horrela jokatuko zuela botere ekonomiko eta finantzarioaren lekaio den eta arau demokratikoak errespetatzen ez dituen gobernu batek. Jakitun geunden, era berean, zaila dela horrenbeste denboran nahita loarazi den gizartea aktibatzea. Baina tira: ez dut erronka galdutzat; aititzik, horrek indar handiagoz jardutea eragin behar digu.
Alternatiba sortu bezain laster sartu zen EH Bilduren proiektuan. Aurrez bere bidea egitea falta zitzaiola pentsa daiteke?
Ez. Alternatiba 2009an sortu zen, eta egun Euskal Herria Bildu esaten diogun espazioa ez zen egituratu 2011ra arte. Beraz, urte eta erdi horretan asko hausnartu genuen gure zereginari buruz. Urte eta erdi horretan baliagarriena gure sigla zela aldarrikatzen ibili bagina Euskal Herriko beste errealitateei erreparatu gabe, seguru asko ez ginateke egongo gauden lekuan. Urte eta erdi hori ideologikoki armatu gintuen garai bizia izan zen, eta oso argi utzi zizkigun aurrean genituen erronkak eta beste aukera batzuekin elkarlanean arituta aldaketa erradikalerako genuen agenda. Horrek bidea eman zuen gerora Euskal Herria Bildu eratzeko elkarrizketak ez zitezen izan aritmetika batuketan oinarrituak. Elkargune politikorako prozesua izan zen, hausnarketa politikorakoa, Euskal Herria Bilduri oso identitate politiko argia emango zion agenda politikoaren sorrera. Eta uste dut gaur egun inork ez duela zalantzan jartzen identitate politiko hori.
Beraz, alternatiba sortzeko arrazoien jarraipen logikoa izan zen?
Bai, hasieratik egin zuen apustua baliotu zuen. Lehen minututik hasi zen alternatiba bat eratzeko subjektu politiko-elektoral zabalago batean. Eta horrek ez du esan nahi Alternatibak ez duela berez izateko arrazoirik. Are gehiago: uste dut elikagai politiko zein ideologikoa eta ezkerren batura zaindu beharreko balioak direla. Ezkerra ulertzeko modu desberdinen baturak aldaketarako subjektua indartzen du.
Beraz, Alternatiba erabat eroso dago EH Bilduren barruan?
Bai. Badago herri honen zati bat nahiko lukeena EH Bildu hedabideetan barneko desadostasunengatik ateratzea. Halakoak ohikoak izan dira, zoritxarrez, ezkerraren indar batuketetan. Baina zintzotasun osoz diot: uste dut Euskal Herria Bildun oinarriak oso ondo josita daudela eta oso erosotasun handia dagoela indar politiko guztientzat. Beraz, apustua eskumari boterea kentzeko gai izango den baliabide bat eratzea eta hegemonia ezkerrak hartzea den bitartean, erosotasuna bermatuta egongo da denontzat.
Alternatiba barruan ez du desadostasunik eragin horrek? Ez dago lehentasunak beste nonbait ezarri behar direla dioenik?
Alternatibak lanerako bi espazio uztartu ditu hasieratik: batetik, gure identitatea indartu eta gure ikuspegia zabaltzea; eta, bestetik, Euskal Herria Bilduren baitan elikagai ideologikoa eman eta proposamen politikoak eratzeko ahalegina egitea. Bi espazioak uztartzeko modukoak direla uste dut. Eta biak garatzen diren neurrian, ez dut uste Alternatiban inork pentsatuko duenik alor bat bazterrean uzten ari dela. Gure lan propioa egiten dugu, baina, aldi berean, multzoan eragingo duena ere bai. Kontua ez da lana Alternatiban geratzea, Euskal Herriko ezker osoa elikatzea baizik. Bi alorrak oso ondo uztartzen dira ezkerraren batura horretan, eta, gainera, ezkerraren ideia bat eraikitzen laguntzen du: salaketa fasetik proposamenen fasera igarotzea; erresistentziaren fasetik boterea eskuratzeko fasera.
Lortzen ari da hori?
Tira, egiten ari dela uste dut. Uste dut Alternatibak eta EH Bilduk bildutako esperientziari eta horrek dakartzan emaitzei inbidiaz begiratzen diela Espainiako Estatuko, Frantziako Estatuko eta beste leku batzuetako ezkerreko jendeak. Nahiko lituzkete Euskal Herria Bilduk jasotako emaitzak Europako Batasuneko ezkerreko erakunde askok! Beraz, garrantzitsua da orain frustraziorik ez eragitea, eta lortzen ari dela uste dut, koherentziaz jokatzen ari delako eta oinarri sozialak emandako babesa etengabea delako.
Sentitu duzue EH Bildura batzeagatik gainera erori zaizkizuela lehen ezker abertzaleari soilik egiten zitzaizkion erasoak?
Bai. Alternatibak autokritika publikoa egin zuen sortu eta gutxira eginiko ekitaldi batean: gure herriko ezkerraren errealitate batzuei bizkar emanda bizi izan ginela esan genuen; ez genuela nahikoa sentsibilitate izan herri honetako beste ezker batzuk sufritzen ari ziren horien inguruan. Ezker abertzalea bakartzeko pantaila bat egin zen luzaroan, eta ezkerreko kideek jasaten zituzten eraso larrien inguruan gainontzeko ezkerrek ez zuten nahikoa sentsibilitate izan. Guk eta beste batzuek bakartze pantaila hori hautsi izanak eragin du orain gu ere xaxatzea, zelatatzea eta modu erabat antidemokratikoan tratatzea, jazartzea. Baina arrisku hori du haustura hautatzeak; arrisku hori du gauzak dauden bezala jarraitzea nahi ez duen aukera politikoak, Espainiako Gobernuarekin Euskal Herriko bizi baldintzak negoziatzea helburutzat izateko prest ez dagoenak.
Gizartean gertatzen ari da eragin nahi duzuen kontzientzia aldaketa?
Denak behar du bere denbora, baina aldatzen ari da. Gero eta lantegi gehiago ixten direnean, gero eta pertsona gehiagok inolako babes sozialik ez dutenean, langabezia soldata jasotzen ez dutenean, jendea esnatzen eta erreakzionatzen hasten da. Nahiago nuke horretara iritsi beharrik ez balego! Guk ahal duguna egingo dugu aldaketa hori azkartu eta erantzuteko beldurra gal dadin. Ona litzateke dena galdu behar ez izatea beldurra galtzeko. Beldurra alderdi batetik bestera aldatzea lortu behar dugu: beldurra ez dezatela sufri botere publikoek babesgabe uzten dituztenek; herritarren bizkar eta haiei bizkarra emanda gobernatzen dutenek sentitu dezatela dena galtzeko beldurra.