Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Politika Sozialeko kontseilari Juan Maria Aburtori leporatu dio nolabaiteko laguntza soziala jasotzen duten pertsonak gaizkileekin parekatu izana; hala egin baitzuen atzo gizartearen onurako lanak egitera behartuko dituztela iragartzean, “egun, sistema judizialak zigor gisa darabiltena, Barne Ministerioak berak eskubide gabezia eragiten duen zigorralditzat jotzen duena”.
Zentzu horretan, alderdi ezkertiarretik Aburtori eta Eusko Jaurlaritzari leporatu diete “diktadurako alferren eta gaizkileen legea berpiztu nahi izatea, langabeak zigortuz”. Gainera, Matutek galdetu du zer nolako zerbitzu publikoak eskaini nahi dituzten honen bidez, eta egun lanpostu hauetan dauden zenbat pertsona kaleratuko dituzten, “nola ahalbidetuko du sailburuak laguntza sozialen jasotzaileek lana topatzea horrelako neurriek lanpostu gehiago suntsituko eginak diruditenean? Are gehiago, lan hauekin ez dute ez kotizatuko, ez sarrera fiskalik eragingo, laguntza sozialak jaso behar izatearen egoera betikotuz.
Bukatzeko, Alternatibatik ondorengo baieztapen “onartezina” gaitzetsi dute: langabetuak menpekotasuna duten pertsonak zaintzeko bezalako lanaz arduratu daitezke, baina aldiz, segurtasun zibilerako lanak betetzeko, langile “trebatuak eta egonkorrak” beharrezkoak dira. Politika Sozialetarako sailburuak horrelako adierazpenak egitea “guztiz salagarria da, pertsonen duintasuna bermatzeko oinarrizkoa den lanarekiko mespretxua areagotzen duelako”.