Alternatibaren bozeramaile nazional Oskar Matutek, EAJk gaur Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako autogobernua gaurkotzeko proposamenaren ibilbide falta azpimarratu du, “euskaldunon borondate politikoari ahotsa eman nahi diola” esaten duen aldi berean, “gure subiranotasuna ukatzen dutenekin akordioak egiten dituelako”. Matutek deitoratu du “Ibarretxe Planarekin gertatutakoaren ondorioz ezer ikasi ez izana”, garai horretan PP eta PSOErekin akordioak egitea ezinezkoa dela baieztatu zelako, haiek izan baitira beti Euskal Herriaren autodeterminazioaren bidea oztopatu nahi izan duten lehenak”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak bereziki nabarmendu du Kataluniaren kasua: “Herrialde Katalanak haien subiranotasunaren alde apustu egiten duten bitartean, EAJk gure sumisioa indartu nahi du, herria gehiago pobretuko ez duen eta gure eskubideak urratuko ez dituen sistema bat eraikitzeko aukera guztiak ezabatuz”. Horregatik, EAJri “eredu politiko, ekonomiko eta sozial desberdin batean oinarritutako autogobernu baten eraikitzean lan egiteko” eskatu dio, “bizitza ardatz gisa duena, eta ez merkatuak”.
Alternatiban “herriari ahotsa ematearen alde”egiten dute apustu, “geroz eta gehiago, herrien eta pertsonen eskubideak ukatzen dituen erregimen espainiarrarekin apurtzeko”. Bukatzeko, Matutek azpimarratu du horrela: “ez da estatutu berri bati hiru edo lau aldaketa egiteko garaia, herriari ahotsa emateko eta bere erabakiari oztoporik ez jartzeko garaia baizik”.