Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek, Eusko Preso Politikoen Kolektiboak joan den asteburuan zabaldutako agiriaren aurrean hainbat eragile politiko eta instituzionalek agertutako jarrera salatu du, ez ikusiarena egin edota gaitzetsi egin dutelako; “bitxia da ikustea nola normalizazio politikoaren aldeko eta eragindako minaren aitortza jakina egiten duen adierazpen batek jende bat gogaitzeraino heldu daitekeela, agerian gelditu dela askok gatazka iraunarazi nahi dutela konponbidearen alde lan egin beharrean”.
Alderdi ezkertiarreko ordezkariak “geldotasuna” leporatu die “bakea oztopatu besterik nahi ez” dutenei, “euskal herritarrek bakegintza eta gatazkaren ebazpena exijitzen duten bitartean”. Hala, adierazi egin du sinetsita dagoela soluzioak “pertsona guztien eskubideen berrezartzean oinarritu behar direla, salbuespenik gabe”.
Azkenik, Alternatibatik gainerako alderdiei dei egin diete bere egin ditzatela, EPPK-k presoi dagozkien neurrietan egin bezala, Bake Foros Sozialak eginiko gomendioak. Ildo horretatik, “ezinbestekoa da Espainia eta Frantziako Gobernuek sakabanaketarekin amaitzea, eta gaixotasunak dituzten presoak berehala askatzea”. Eskaera hauek, gaineratu du Matutek, “lehen urratsa izango dira, normalizazioa politikoa nagusi izango duen Euskal Herri aske baterako bidean, non presorik izango ez den pertsona batzuek gainditu nahi ez duten gatazka politiko baten ondorioz”.