EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari egin beharreko interpelazioa aurkeztu du, AHTren obretan izaten ari diren neurrigabeko gainkostuen harira. Aurreikuspen berrien arabera, Abiadura Handiko Trena bukatzen denean, gutxienez, hasieran aurreikusitakoa baino bikoitza xahutuko dute erakunde publikoek. “Hori arrazoi nahikoa da azpiegitura horren etorkizuna berriro aztertzeko, izan ere, inoiz Euskal Herrian egin den obrarik erraldoiena eta ingurumenarentzat kaltegarriena da”. Oskar Matute legebiltzarkideak egingo dio Urkulluri interpelazioa, eta adierazi duenez, “lehendakariak ardura dauka, gutxienez, gardena izateko eta mahai gainean jartzeko xahutuko ditugun euro guztien inguruko informazioa. Zenbat eta zertarako gastatuko den jakiteko eskubidea daukate herritarrek”.
Izan ere, koaliziokideak adierazi duenez oraindik aldagai asko kontua izan behar dira kostu erreala kalkulatzeko: “azken kopuruari gaineratu behar zaizkio geltokiak eraikitzen egingo den gastua, baita segurtasun neurriak ezartzearena, katenariarena, seinalizazioa, etabar. Horrek agerian uzten du AHTren kostua hasieran esandakoaren bikoitza izango dela gutxienez. Eta aurrekontua ez da iruzur bakarra: badira beste zenbait argudio erori egin zaizkienak, hala nola, merkantziak garraiatuko dituela edo Europarekin konektatuko gaituela”. Horren aurrean, Matuteren iritziz bi aukera ditu lehendakarak: “lehenengoa, datu eta aurreikuspen guztiak eguneratzea, eta zehaztasunez azaltzea zenbat kostatuko zaion herritar bakoitzari eta zertarako erabiliko duen AHTa; eta beste aukera da obrak geratzea eta bere etorkizuna berriro aztertzea. Azken aukera horrek diru aurrezpena ekarriko luke ziur. Aukera bat edo beste egin beharko luke, baina ez diezaiola gehiago iruzur egin gizarteari”.
“Baina errealitatean Jaurlaritzaren bozeramaileek iruzurrarekin jarraitu nahi dutela uste dugu, eta AHTren gainkostuak ordaintzen eroso sentitzen direla. Hala uste dugu, egiten dituzten adierazpenetan ez dutelako autokritika minimorik ere egiten. Izatez, Ana Oregi Ingurumen sailburuak gainkostuen harira elkarrizketa batean esan zuen gauza bakarra izan zen, hasierako estimazioak “borondate onez’ egin zirela. Horrek agerian uzten du EAJri ez zaiola axola herritarren poltsikoetatik ateratzen diren gainkostuak ordaintzea. Baina EAJk badaki gainkostuak exijitu eta kobratzearen praktika erabiltzen duten enpresak kontratatzea ze ondorio negatiko duen”, esan du Matutek. “Egia bada aurreikuspen ekonomikoak egiterako orduan borondate ona besterik egon ez zela, gaur egun azpiegitura hori defendatzen duten agintariek berehala dimititu beharko lukete”, gaineratu du.
Urkulluri interpelazioaz gain, Oregi sailburuak hiru galdera erantzun beharko ditu ere gainkostuen, merkantzien ustezko garraioaren eta obrarekin jarraitzeko arrazoien inguruan.