EH Bilduk Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren batzorderatzea eskatu du Bilbao Basket taldearen inguruan publiko egin diren azken informazioaren harira. EH Bilduk Bizkaiko Batzar nagusietan erregistratu du gaur eskaria eta azalpenak eskatuko dizkio Bilbaori ondorengoak argitu ditzan:
– Aldundiaren eta Bilbao Basketen arteko hitzarmena sinatu zenean, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao Basket taldeak bizi zuen egoera ekonomikoaren jakitun ote zen eta emandako dirulaguntzekin klubaren etorkizuna noraino bermatzea zuen helburu.
– Hitzarmena sinatu zenean, BFAk klubaren aurrera begirako bideragarritasun ekonomikoaren inguruko bermeak jaso ote zituen.
– Hitzarmenaren zioetan azaltzen den bezala, dirulaguntza emateko arrazoietariko bat kluba 2013-2014 denboraldian ACB ligan mantentzea bazen, klubak bizi duen egungo egoera honek hitzarmena beraren ez betetzea dakarren edo ez.
– Hitzarmena bera defendatzeko, Ahaldun Nagusiak berak adierazi bezala, arrazoietako bat 2014ko Espainiako Saskibaloi Federazioak antolatuko duen Munduko Txapelketan, Bizkaia Arenan Amerikar Estatu Batuetako selekzioa parte hartzeko baldintza, Bilbao Basket Taldea ACB ligan egotea baldin bazen,zein eragin izango du klubaren egoera ekonomiko larriak orain arte sinatu diren hitzarmen eta hartutako konpromisoetan?
– Eta orohar, hitzarmenaren betetze mailaren inguruko argipenak ematea, berez, 2013ko abenduaren 31an iraungitzen bazen ere, eta horri jarraipena emateko Batzorde Kudeatzaileak egindako bilkura kopurua, bertan tratatutakoa, eta emandako dirulaguntzaren erabilera zein klubak berak hartutako konpromisoen betetze maila azaltzea.
Jose Luis Bilbao, ahaldun nagusiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, apirila bukaeran, Bilbao Basket Berri saskibaloi taldearekin 5.275.000 euroko dirulaguntza ematea jasotzen zuen hitzarmena sinatu zuen. Ez ohiko dirulaguntza honen zio nagusia, taldearen bideragarritasuna eta 2013-2014 denboraldirako kluba ACB ligan mantentzea bermatzea omen zen.
Azken berrien arabera eta Gorka Arrinda kirol sozietateko akzio-gehiengodunak aitortu duenez, klubaren egoera benetan larria da, eta premiazkoa du langileen ordainsariak ordaintzeko, datozen hilabeteetan 1,5 milioi euro izatea.