Alternatibako bozeramaile nazional Asier Vegak, estatuko segurtasun indarren “legezko oinarrik gabeko enegarren operazioa” salatu du, gaur arratsaldean zortzi lagunen aurka garatutakoaren harira, “haien delitu ezagun bakarra Euskal Herriko presoen babes juridikoa izan arren”. Zentzu beretik, “jokabide deitoragarria erakusten dutenen ildoan” kokatu du ekintza, “ke lainoak eraiki beharra dutenak dira, konponbidearen eta bakearen bidetik geldotasuna besterik ez erakusten dutenen esku, Europako auzitegiek Espainiako Erresumaren espetxe politikak eskubideak eta legea urratzen dituela ebatzi eta hilabete gutxira ematen dena beren jarraitzaileak asebetetzeko”.
Alternatibatik onartezintzat jo dute halako operazioa egin izana presoen kolektibok bakearen alde inoiz baino urrats gehiago egiten ari denean, “EPPK kolektiboak zabaldutako adierazpenaren bitartez, gatazkaren ondorioz eragindako kalteak onartu eta Bake Foro Sozialaren gomendioak bere egin dituenean”, are gehiago, larunbat honetan Bilboko kaleak elkartasunez eta aldarrikapenez beteko dituen euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioaren bezperan.
Vegak, gatazkaren konponbidearen bidean gaudenean, eragile politiko zein sozialak eraso hau salatzera premiatu ditu. Aldi berean, Guardia Zibilak gaur egindako polizi operazio hauen kontra altxatzeko eta salatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari ere, Herriraren kontrako erasotik hilabete gutxi pasatu direnean, “elkartasuna kriminalizatu eta euskal presoen babes eskubidea urratzeko helburu bakarra dutelako”. Horrela, EAJ eskubideak aldarrikatzen dituztenen alde egitera deitu du “torturaz, zurikeriaz eta mota guztietako eskubideen urraketaz zikindutako zoru etikoak babesten dituztenen alde egin beharrean, larunbateko bezalako mobilizazioak bultzatuz”.
Atxilotutako lagunak askatzeko exijitu ez ezik, azkenik, gaur arratsaldean, 20:00etan, Bilboko udaletxetik abiatu eta Arriagao Plazan bukatuko den manifestazioarekin bat egitera deitu dute alderdi ezkertiarretik.