Tantaz Tanta ekimenak deitutako ‘tanta itsasoa’ sortuko zuen manifestazioa Auzitegi Nazionak debekatu duen egunean, Euskal Herriko eragile politiko eta sindikal desberdinak elkartu gara (Alternatiba, Sortu, Aralar, EA, PNV, ELA, LAB, Geroa Bai) “Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea” lemapeko manifestazioa deitzeko. Manifestazio hau, herri honek bakea lortzeko eta gatazka politikoari konponbidea bilatzeko duen grinaren islada izango da eta horregatik, Alternatibatik euskal herritar guztiak irrika honen parte izatera eta benetako protagonistak bihurtzera deitu ditu herritarrak, bihar 18:00etan Casilla plazatik aterako den manifestazioarekin bat eginez.
Alternatibako bozeramaile Asier Vegak herritarrei dei egin die bihar urtarrilak 11 larunbata, Bilboko kaleak betetzera atera daitezela euskal preso politikoen eskubideen aldeko ‘tanta itsasoarekin’ bat egiteko, “Espainiako eta Frantziako gobernuak normalizazio politikoaren eta herri honetako pertsona guztien, salbuespenik gabe, askatasun eta eskubideak berrezartzearen aldeko pauso erabakigarriak ematera premiatuko dituen itsasoa”.
Tantaz Tanta kolektiboaren deialdi honen harira Vegak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, EPPK, pasa den abenduaren 28an egindako adierazpena gogoratu du “normalizazio politikoaren eta eragindako minaren aitortzaren aldeko aurrerapausoa da, bakearen eta gatazka politikoaren irtenbidearen alde lan egiten duten eragile sozialen gomendioei jarraitzen diona”. Zentzu horretan, “zenbait sektore politikoek eta sozialek adierazpenari balorea kentzeko eta berriro ere, gobernu desberdinek dinamika oztopatzailea sustatzeko egindako kanpaina” salatu du.
Aldi berean, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak azpimarratu du “bakea lortu nahi badugu, aurretik, Madrilgo gobernuak sakabanaketa bezalako ondorio lazgarriak ekarri dituen salbuespen espetxe politikarekin bukatu ez ezik, oinarrizkoa dela, gaixotasun larriak zein sendagaitzak dituzten presoak berehala askatzea”. Etengabeko eskubideen urraketa honen aurrean eskatu die “irtenbidearen kontrako eragileei, EPPK-k bezala, Bake Foro Sozialaren gomendioen inguruan gogoeta egin dezatela, alderdikeriak alde batera utzita oztopoak gainditu ahal izateko”.
Testuinguru horretan, EPPKren abokatuen kontra asteazkenean egindako operazio poliziala onartezina da, “presoen kolektiboak bakearen alde inoiz baino urrats gehiago egiten ari dituenean estatuak errepresioarekin erantzuten duelako, ke lainoak eraikiz, bakearen eta irtenbidearen bidean haien erabateko geldotasuna justifikatzeko”.
Bukatzeko, Alternatibatik behin ere, gizartea protagonista izan behar duela nabarmendu dute, eta horregatik, bihar, bai Casilla plazatik 17:30etan abiatuko den manifestazioan, eta bai 11:00etatik aurrera hiriko erdialdean antolatutako ekintza guztietan parte hartzera deitu dute.Alternatibaren ordezkaritza zabala bertaratuko da martxara, besteak beste, Bizkaiko batzarkide Asier Vega, Koordinakunde Nazionalaren kide eta Gasteizko parlamentari Diana Urrea, Gipuzkoako Alternatibaren koordinatzaile Ayem Oskoz eta Bilboko Udaleko zinegotzi Ana Etxarte.