Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek, salatu egin du gaur manifestazio bat legez kanpo uzteko azkenaldiko enegarren eskaera, AVT eta beste eragile batzuek ostiral honetan EPPK-ko abokatuen elkartasunean Bilbon deitutako martxaren debekua eskatu baitute “bakea eta herri honetako normalizazio politikoa oztopatzea helburu duten eragileek”. Matutek berak aurretik ere esan duenez, “tokiz eta lekuz kanpo” dago eskaera hori, are gehiago duela gutxi gatazkan inplikatutako eragileetako batek “indarkeriaren erabileraren behin betiko etetearen aldeko apustua berretsi duenean”.
Ildo beretik, salatu egin ditu alderdi popularraren mezuak eta jokabidea, “ETA jarduera armatura buelta daitekeen susmoa zabaldu besterik ez dute bilatzen, agerikoa denenean hori inoiz ez dela gertatuko”. Horregatik, Espainiako eskumari leporatu dio “gezurretan nahita aritzea, presoen eskubideak errespetatzeko orduan urratsik ez egitea eta bakea zein konponbidearen alde aritzen direnei egiten dizkieten erasoak justifikatzeko”. Egoera honen aurrean, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Espainiako gobernuari exijitu dio “bere jokabide zapaltzailea laga dezala, min gehiago besterik ez duelako eragiten, eta utz dezala behingoz euskal herritarren bake nahiarekin jolasteari, horretan ari baitira gaur egun, atzeraezina den prozesu baten aurrean piromanoarena egiten”.
Esandakoagatik, Alternatibatik salatu egin dute “justizia eta mendekua nahastu nahi dutenen” jarrera, “ustelkeria sistemikoan gustura bizi direnena, herri klaseen lepotik bizi direlako, eta horrek behartzen ditu gatazkaren mamuak berpiztera”. Horregatik, Matutek ohartarazi du euskal gizarteak ez duela geldotasunik onartuko, ezta Euskal Herriko pertsona guztien eskubideak berrezartzearen alde lan egiten dutenen kontrako etengabeko boikotean aritzea: “herri heldua gara, askatasunez pentsatu eta jokatzen duena, eta beren inposaketak ez du herritarren bakearen aldeko bultzada geldiaraziko, ezta gehiengoaren bake, askatasun eta justizia sozialaren beharra isilaraziko”.