Adegik proposatu berri duen Lan Harremanetarako Eredu Berriak izango lituzkeen ondorio larriak ikusita, besteak beste, negoziazio kolektiborako funtsezko eskubidea bertan behera uztea ekarriko lukeelako, EH Bilduk eztabaida Legebiltzarrera eramango du. Belen Arrondok eta Oskar Matutek iragarri dutenez, koalizioak bost agerraldi eskatu ditu bertan, “ezinbestekoa delako Parlamentuak Adegiren proposamenaren inguruko posizioa hartzea, milaka eta milaka langilerengan eragin zuzena eta larria izan dezakeelako”.
EH Bilduk, zehazki, Adegi eta Confebasken ordezkarien agerraldiak eskatu ditu Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean, Adegiren proposamena zehatz-mehatz azal dezaten eta Confebaskek Bizkaian eta Araban ere eredu hori ezarri nahi duen argi dezan. Halaber, Urkullu lehendakaria eta Aburto eta Tapia sailburuak ere osoko bilkuran ager daitezela galdegin du koalizioak, Adegiren proposamena publikoki aztertzeko orduan Jaurlaritzak azaleratu dituen kontraesanak argitzeko –Aburtok hori ez dela bere eredua esan du, baina Tapiak, aldiz, babesa eman zion Adegiri nolabait– eta, Urkulluren kasuan, argi uzteko zein den bere eredua langileen eskubideak babesteko.
Espainiar Gobernuaren lan erreformak negoziazio kolektiborako eskubidea zapuztu eta langileak zeharo babesgabeturik utzi dituela gogorarazi ondoren, Arrondok eta Matutek erreforma horretan kokatu dute Adegiren proposamenaren jatorria. Azaldu dutenez, “Adegik negoziazio kolektiboaren bitartez lortu ez duena lortu nahi du orain proposamen horrekin, lan baldintzak kaskartzeko”. Finean, salatu dute, Gipuzkoako patronalak “langileei enpresaren borondatea inposatzeko eredua planteatu du, langileek oraindik izan ditzaketen eskubideak bertan behera uzteko. Negoziatu behar dutenen artean orekak egon behar du ezinbestean, orekarik gabe negoziaziorik ez dagoelako, inposaketa baizik. Adegik, ordea, oreka guztiak apurtzen ditu langileak enpresaren menpe uzteko, zeharo babesgabeturik, sindikatuak negoziazio mahaitik kanpo ateratzen dituelako”.
Hori dela eta, Adegiren ereduaren aurrean, EH Bilduk negoziazio kolektiboaren balioa aldarrikatu du eta Lan Harremanetarako Euskal Esparrua ardatz duen eredua defendatu du, “Madrilek inposatutako erreformetatik oso urrun dagoena, negoziazio kolektiborako eskubidea eta enplegu duina bermatzeko”.