Espainiako Gobernuak aurrera atera nahi duen abortuaren legearen erreformari erabateko gaitzespena adierazteko agertzen gara gaur zuen aurrera. Zentzu horretan, antzuak eta faltsuak iruditzen zaizkigu Alderdi Popularreko kideen artean gai honen inguruan jendaurrean azaldu dituzten desadostasunak, ez baitugu ahaztu behar emakumeen aurkako eraso hori beraien hauteskunde programan jasotzen zela.
Eraso hau ez da Madrilgo gobernutik datorkigun eskubideen urraketen zerrendako beste bat. Haratago doan eraso bat da. Izan ere, oraingo honetan ez dira izan ekonomia eliteak agindua eman dutenak; elite erlijiosoak izan dira. Dena dela, lege hori biztanleriaren erdiaren aurka egindako eraso zuzena da. Emakumeon autonomiaren aurkako zein gure bizitzarengan eta gure gorputzengan erabakitzeko izan behar dugun eskubidearen aurkako eraso larria da.
Tamaina honetako erasoaren aurrean, salaketa publikotik haratago joan behar garela uste dugu. Hala, kontrarreforma honi aurre egiteko erakunde guztietan abiatuko ditugu ekimenak (Iruñeko legebiltzarrean, Gasteizen, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta ondoren mozioa aurkeztuko dugu udaletxeetan). Gure bizitzaren gainean, gure gorputzaren gainean eta gure osasunaren gainean erabakitzeko dugun oinarrizko eskubidea erasotzen duen erreformaren aurrean gaudela esango dugu mozio horren bitartez, baina horrez gain, gure instituzioei eskatuko diegu beren eskumen guztiak erabil ditzatela eta berme guztiak jar ditzatela emakumeok libreki erabaki ahal izateko. Osasun arloko, lege arloko zein gizarte arloko bermeez ari gara.
Horrenbestez, legeak suposatzen duen urraketaren adinako erantzun irmoa eman nahi dugu, eta hori bide politikotik zein instituzionaletik egitea. Indar politiko, sindikal eta sozial guztioi dagokigulako erreforma honi erantzutea eta geldiaraztea. Era berean, guztiok jabetu behar gara oraindik ere indarrean dagoen araudia aldatu behar bada emakumeon eskubideak zabaltzeko izan behar dela, gure kabuz erabaki ahal izateko ama izan nahi dugun edo ez.
Lege atzerakoia da, hamarkadetan borroka feministaren bidez erdietsitakoak lurperatzen dituena. Eta erreforma honi esker ere bai, Espainiako estatua eskubideen urraketen zerrenda lotsagarrian goi-goiko postuetan dago. Horren erakusgarri da erreforma babestu duen bakarra Europako ultraeskuin arrazistena, xenofoboena eta matxistena izan dela. Eta Espainiako estatuan hori gertatzen den bitartean, Frantziako Gobernuak ere bere legea aldatuko du, baina kasu honetan, abortua eskubide bihurtzeko eta, modu horretara, erabaki hori hartzen duten emakumeen aurkako presio itsua arintzeko.
EHBildutik gogoratu nahi dugu eskubideak negoziaezinak direla eta are gutxiago, ezin direla elite erlijiosoen nahien arabera arautu, horien lekua esparru pribatura mugatzen dela ahazten baitute sarri askotan. Abortu librea eta doakoa bermatu beharra dago osasun sistema publikoan, hori baita eskubide horren unibertsaltasuna bermatzeko modu bakarra. Horregatik egiten dugu desobedientziarako deia. Euskal Herriko erakundeek beren burujabetza erabili behar dute abortua librea eta doakoa izango dela bermatzeko, horretarako bitartekoak sortu eta bide propioa jorratuz.
Amaitzeko, erreforma honi Euskal Herriko mugimendu feministatik ematen ari zaion erantzuna goraipatu nahi dugu, eta emakumeon bizitzak kontrolatzeko zein erabakitzeko eskubidea ezabatzeko ahalegin berri honen aurka egingo diren protesta ekintzetan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.
https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/t31/1265265_802331596450825_588586500_o.jpg
https://scontent-b-cdg.xx.fbcdn.net/hphotos-ash4/t31/1522650_802331576450827_199604328_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc1/t31/774230_802331743117477_38849032_o.jpg