Eusko Jaurlaritzaren eta Durangoko udaletxeko agintariek, Berdeago, iraunkortasunaren aldeko azoka inauguratu dute gaur Durangon. EH Bilduren zinegotziak bizikletaz heldu dira hitzordura eta azoka atean pankarta baten atzean kontzentrazioa egin dute. “Urkullu, iruzurrik ez, porlana ez da berdea!” zioen idatziarekin Jaurlaritzak eta EAJk egiten duen ingurumenarekiko politika suntsitzailea salatu gura izan dute.
Eider Uribe zinegotziak eta Oskar Matute legebiltzarkideak adierazpenak egin dituzte komunikabideen aurrean. Herritarrei argi eta garbi azaldu gura izan diote ez EAJk, ez Urkulluk eta ezta Jaurlaritzak ez dutela inondik inora politika iraunkorra bultzatzen. “Egiten duten politika erabat errespetugabea da ingurumenarekiko. Euskal Herria orbanez betetzen dute Abiadura Handiko Trena eraikitzen, eta gure inguru naturala suntsitzearen aldeko apustua egiten dute fracking-aren bitartez”, adierazi dute. “EAJren jarrera horrek eta euren marketing berdeak ez du gizartearen etorkizuna iraunkorragoa bilakatuko”, gaineratu dute.
“Iraunkortasuna, ingurumenarekiko errespetua, ez dago euren lehentasunen artean. Iraunkortasunaren kontzeptua erabili egiten dute, empresa pribatuekiko duten morroitza estaltzeko. Iraunkortasuna asteburu bateko pegatina legez erabiltzen dute, baina berez, gainetik jartzen dituzte ingurumenaren bizkarrera mozkina bilatzen duten enpresen interesak”, salatu dute.
https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/t31/1531633_446959645432768_1070647761_o.jpg