‘Aldaketa abian. ¡Estamos en marcha!’ goiburu hartuta, Bilbon aldaketa sustatzeko xedez abiarazitako prozesu parte hartzailea aurkeztu dugu gaur Zabalguneko Azokan. Bilbon horren premiazkoa den aldaketarako oinarriak definitu nahi ditugu, aldaketa sozioekomikorako eta aldaketa soziokulturalerako zimenduak ezarri. Joan zen abenduan hasi genuen dinamika, eta 2015eko udaberrira arte iraungo du.
Baina zertan datza abian jarri dugun prozesua? Zein helburu du? Zein ekinbide?
Bilboko egoeraren diagnostiko bat egingo dugu aurrena, diagnostiko berritu bat, egungo egoerari erantzuteko. Arlokakoa orain, eta auzokakoa, irailetik aurrera. 200 lagun inguru elkartu gara horretarako. Jatorri, adin, trebakuntza, lanbide, militantzia esparru eta ikuspegi desberdineko 200 lagun.
Lau ardatzen inguruan antolaturiko 18 lan taldeetan ari gara lanean. Honakoetan, hain justu: Pertsonak lehenetsiko dituen hiria (Ogasuna eta fiskalitatea, Enplegua eta Merkataritza, Elikadura Burujabetza eta Eskubide Sozialak), Hiri eredu iraunkorra (Hirigintza, Mugikortasuna, Ingurumena, Etxebizitza, Turismoa), Bertoko kulturan oinarrituriko hiria (Kultura sormena, Jai eredua, Euskara, Kirola, Aisialdia, Hezkuntza) eta Askatasuna ardatz izango duen hiria (Politika Feminista, Gazteria, Hirugarren adina-Pentsionistak, Aniztasuna eta Migrazioa).
Horien artean daude, besteak beste, Xabier Landabidea (Deustuko Unibertsitateko irakaslea), Joseba Martin (Lankidetza Garapenerako teknikaria), Karlos Renedo (Arkitektoa eta Otxarkoagako herri mugimenduko kidea), Aitor Apraiz (Udal Etxebizitzetako langilea), Ula Iruretagoiena (Arkitektoa eta EHUko irakaslea), Ibai Gandiaga (Arkitektoen Elkargoko kidea), Aitor Torre (Bizkaiko Batzarkidea), Andrea Heuschmid (Alemanian sortutako bilbotarra, Gertuko turismoan aditua), Karmelo Landa (EHUko irakaslea eta Europako Parlamentario ohia), Jon Aritz Bengoetxea (Irakaslea eta zinegotzi ohia), Mirian Alonso (Stilo futbol areto taldeko jokalaria eta zinemagilea), Edriga Aranburu (Bizkaiko Arraun Federazioko idazkaria), Maite Arraizar (Athletismo Santutxuko korrikalaria), Ana Etxarte (Zinegotzia), Urtzi Martinez (Arangoitiko gazte mugimenduko kidea), Mikel Arginarena (Irakasle erretiratua eta Pentsionistak Martxaneko kidea), Xabat Moran (Santutxuko Jai Batzordeko kidea), Raquel Goñi (7. Barrutiko kontseilaria), Jose Felix Aguilera (4. Barrutiko kontseilaria), Igone Iriarte (8. Barrutiko kontseilaria).
Bilbon aldaketa gauzatzen hasteko estrategiko eta klabe diren arloetan ari gara lanean, bakoitzaren argazkia zein den ikusteko, lehenik eta behin; eta argazki horren gainean lan egiteko, gero. Errealitatea kontuan hartu eta helburuak ezarri ondoren, horiek lortzeko proposamenak egiteko, hain justu. Denon artean, denontzako ibilbide orri bat zehazteko. Helmuga: Beste Bilbo bat. Herritarron Bilbo.
Hala, diagnostikoa osatu ondoren, parte hartzeari ateak irekiko dizkiogu bete-betean, lan taldeetan osatutako azterlan horien gainean ekarpenak egin ditzaten hala nahi duten herritar eta eragile guztiek. Horretarako, hainbat ekinbide antolatuko ditugu, hala nola jardunaldiak eta parte hartzea ardatz izango duten bestelako dinamikak ere. Hirigunean zein auzoetan. Bilbo mailan zein auzoen perspektiban.
Eta horren ondotik, prozesuaren bigarren atal batean, proposamenak lantzeari eta jasotzeari ekingo diogu, herritarron Bilbo sortzeko bidean urrats eta ekinbideak zein izango diren denen artean erabakitzeko.
Izan ere, postaleko hiria saldu nahi diguten arren, oso bestelakoa da Bilboren egiazko argazkia.
Langabeziak muga historiko guztiak hautsi ditu; %18ko langabezia tasa du Bilbok, hau da, 30.987 langabe daude egun. Hiria osatzen duten 38 auzoetatik soilik 4 daude hiriaren bataz besteko errentaren gainetik. Eta iaz, bost etxegabe hil ziren kalean. Arazo latza baitu Bilbok; 236 pertsonak lo egiten dute, egunero, kale gorrian.
Hala eta guztiz ere, larrialdietarako laguntzak emateko leihatila irailean itxi egin zuen udalak, “dirurik ez zegoelako”.
Horrez gain, Behatokiak urtero egiten duen txostenaren aurreneko postuetan dago Bilboko Udala, hau da, hizkuntz eskubideak urratzen dituzten erakundeen zerrendaren lehenetariko postuen artean da. Eta oraindik orain, badira auzo handiak inongo haurreskola zerbitzurik ez dutenak, hala nola, Alde Zaharra, Indautxu, Errekalde, Txurdinaga…