Arkaitz Bellon preso elorriotar gaztearen heriotzaren berri lazgarria jaso genuen atzo. Gaur, egoeraren larritasunak eta urgentziak hala aginduta, Bilbon bildu garen eragile politiko, sindikal eta sozialok, honakoa adierazi nahi dugu:
Lehenik eta behin, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Arkaitz Bellonen senide eta lagunei. Une lazgarri hauetan, gure babes eta berotasuna adierazi nahi dizkiegu.
Bere herritik mila kilometrotara hil da Arkaitz Bellon, Puerto I-eko espetxean, zigorraren 2/3 beteta izan arren. Beraz, kalean egon behar zen. Mila kilometro hauen atzean dagoen errealitateari erreparatzen badiogu, giza eskubideen urraketa eta mendekuan oinarritutako espetxe politika gizagabe eta krudela da gaur egun protagonista nagusia, eta Arkaitzen heriotzaren erantzule zuzena.
Egoera hau beti izan baldin bada bidegabea, berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina bihurtzen da gure herrian zabaldu den errealitate berrian. Arkaitzi gertatutakoa, edonori edonoiz gerta dakioke eta ez du gehiago gertatu behar.
Gauzak honela, salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez. Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da. Aski da esateko unea da.
Horretarako, eskaera hau luzatzeaz batera, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugun indarrek bat egitea eta kalera ateratzea, sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko.
Ondorioz, “Espetxe politika honi ez, sakabanaketa amaitu” lelopean, mobilizazioak deitzen ditugu gaur arratsaldean Euskal Herriko herrietan eta, era berean, bihar eguerdian kontzentrazioak Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Hiru hiriburuetako udaletxeen aurrean.
Egun indarrean dagoen espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko gu guztiok beste urrats bat egitera goaz eta horretarako gonbidapena luzatzen dizuegu.
LAB – Egiari Zor – Goldatu – Eusko Alkartasuna – Sortu – Gazte Abertzaleak – Alternatiba – EHNEBizkaia – CNT – Bai Euskal Herriari – ESK – Ikasle Abertzaleak – STEE-EILAS- Ernai – Komite Internazionalistak – Eskubideak