EHBilduren legebiltzarkide Oskar Matute eta Arri Zulaikak bilera egin zuten atzo goizean, Bilbon, La Navaleko langileen lan batzordearekin. Matute eta Zulaikak langileei elkartasuna adierazi diete koalizioaren izenean, izan ere, Ezkerraldeko enpresaren etorkizuna kolokan dago martxotik aurrera. Hain zuzen, langileak kezkatuta daude, hurrengo hilean bukatu egingo zaielako orain esku artean duten eskaera, eta momentuz ez dutelako beste eskaririk jaso. Erakundeen inplikazioa eskatzeko manifestazioa deitu dute otsailaren 26rako eta EHBildu bertan izango dela esan dute bi legebiltzarkideek.
Zentzu horretan, koalizioak berretsi egin gura izan du La Navalen etorkizuna bermatzeko lan egiteko konpromisoarekin. Matute eta Zulaikak konponbidea bilatzeko ardura politikoa eskatu diote Jaurlaritzari eta gaur arte jarraitu duen bide okerra kritikatu dute. “Jaurlaritzak ez du euskal industriaren egoera eta etorkizuna begitantzeko gaitasunik. Ez du euskal industriaren sektore estrategikoen definizioa eta diseinua egin, eta hori egitea ezinbestekoa da erakunde publikoaren industri politika ezartzeko. Hori egin beharrean, arazoa gainean duenean erreakzionatzen du, ikuspegi nazionalik gabe, jada berandu denean. Epe laburreko emaitzak bilatzen ditu, arazoak aurretiaz begiratu ordez”, salatu dute.
Ildo horretatik, EH Bilduk galdera egingo dio Arantza Tapia sailburuari, Jaurlaritzak ontziolen sektorea estrategikotzat duen jakiteko. Legebiltzarrean Tapiak egingo duen interbentzioan ere gogoraraziko zaio La Naval Ezkerraldearen motoreetako bat dela, eta eskualde hori dela Euskal Herrian langabetu gehien duen zonaldetako bat. “Ahoa bete zaie ustez lanpostuak sortuko dituen Enplegu Plana salduz. Eta oraindik buruan sartu ez bazaie ere, gizarteak badaki iruzur egiten ari direla. Izan ere, guztiok dakigu enplegu planik egokiena jada existitzen den enplegua mantentzen duena dela. Horregatik, Jaurlaritzak marketing kanpainak alboratu beharko lituzke eta bideragarriak diren sektoreak bizirik mantentzeko inplikatu beharko litzateke”, salatu dute.