“Politika prestigiatu nahi dugu eta horren ildotik pribilegio guztiak, txikienak ere bai, ezabatu behar ditugu; horregatik, gure zeregin politikoa betetzeagatik edozein sarrera doan eskuratzeari uko egitea logikoena eta koherenteena da”.
Legealdi hasieratik bertatik ezarritako irizpideari jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideek Bilbao Exhibition Centre-BECeko zuzendaritzak bidalitako “ohorezko txartelak” itzultzea erabaki dute. BECek txartel horiek bidali ohi dizkie urtero Gasteizko legebiltzarkideei, hauek urtean zehar bertan antolatzen diren erakusketa guztietara doan sartzeko aukera izan dezaten. EH Bilduk, ordea, horrelako gonbidapenak pribilegiotzat jotzen ditu eta, iaz bezala, aurten ere txartelak itzuli ditu. “Legebiltzarkideok soldata ona dugu eta ez dugu faborezko traturik ez behar, ez merezi; edozein herritarrek sarrera ordaindu behar badu BECeko erakusketetara sartzeagatik, legebiltzarkideok ere berdin egin behar dugu”.
EH Bilduren legebiltzarkideen erabakia bat dator horrelakoetan izan duten jokabidearekin, aurrekoetan ere opera, zinema eta antzerkirako sarrerak eta gonbidapenak itzuli dituztelako, kargu publikoen jarduera eta pribilegiotzat jo daitekeen edozein elementu errotik bereizi nahian. “Gure asmoa politika eta politikariak prestigiatzea da eta horren ildotik pribilegio guztiak, txikienak ere bai, ezabatu behar ditugu; horregatik, gure zeregin politikoa betetzeagatik edozein pase edo sarrera doan eskuratzeari uko egitea logikoena eta koherenteena dela uste dugu”.
ehbildu.net-en irakurri