Ana Oregi Ingurumen sailburuak otsailaren 18an egin zuen agerraldia Legebiltzarrean. Agerraldi hartan eman zuen informazio hutsala ikusi ostean, Oskar Matute legebiltzarkideak 20 galdera egin dizkio lehendakariari, otsailaren 18an erantzun gabe geratu ziren galderak argitzeko.
Abiadura Handiko Trenaz edo Euskal Y-az euskal jendarteak daukan informazioa urria da. Gainera, Jaurlaritzak ez du gardentasunik izan proiektuaren inguruan informazioa gizarteratzeko orduan. EH Bilduk hainbat aldiz salatu izan du azpiegitura erraldoi honen inguruko hainbat datu ezkutuan gorde nahi direla, are gehiago, testuinguru sozioekonomikoa aldatu den honetan. Hain zuzen ere, Jaurlaritzak informazio gizarteratzeko alperrik galdu zuen azken aukera otsailaren 18an izan zen. Egun horretan, EH Bilduk eskatuta, Jaurlaritzak agerraldia egin zuen Gasteizko Legebiltzarrean. Koalizioak lehendakariaren agerraldia eskatu bazuen ere, Ana Oregi Ingurumen sailburuari utzi zion ardura.
Galdera gehienei erantzunik eman ez izanagatik, EH Bilduk erabaki du idatziz egitea Urkulluri 20 galderak. “Jakin badakigu gai deserosoa dela Jaurlaritzarentzat, izan ere, badakite dirua xahutzen ari direla tren elitista eta inora ez doan tren horretan. Jendarteari ulertezina iruditzen zaio, egunetik egunera are eta ulertezinagoa, gobernuak AHTan dirua xahutzea. Gauzak horrela, ezin dezakete denbora gehiago egia ezkutuan gorde. Errealitateak, benetako datuak, informazio guztia, agerian geratuko da arinago edo beranduago. Jendarteari zor dioten errespetuarengatik, edo argudioekin erantzuten dute, datuak eta aurreikuspen errealak emanez, edo dimisioa eman beharko lukete, ezin daitekeelako EAEko obrarik handiena egin hainbeste informazio zokoratuz”, salatu du Matutek.
Horrela, lehendakariak arlo ezberdineko aspektuez erantzun beharko du: bukaera data estimatua, inguruan izatea espero den abiadura handiko konexioak, obraren bukaeran azken kostua zenbatekoa izatea espero den, gainkostuen kostua eta arrazoia, urteroko mantenimendu kostuak zeintzuk izango diren, garraio-txartelaren prezioa zein izango den, obretako lan baldintzak zeintzuk diren, etabar.