Bihar larunbata, Faxismoaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Europako hainbat hirietan milaka pertsona kalera aterako dira totalitarismorik, arrazakeriarik eta xenofobiarik gabeko gizartea aldarrikatzeko. EHBilduk, arratsaldeko 18:00etan Moyua Plazatik abiatuko den “Euskal Herria faxismoaren eta arrazakeriaren aurka” lelopeko martxan parte hartuko du. Manifestazioa Inoiz gehiago ez! plataformak deitu du, eta bere sorreran EHBilduk osatzen dituzten alderdi politikoek (modu zuzenean edo haien gazte erakundeen bitartez) parte hartu dute, beste erakunde sindikal, sozial eta politikoekin batera.
EHBilduk BNG, Puyalon de Cuchas, Andecha Astur, Unidad del Pueblo eta Alternativa Nacionalista Canaria alderdiekin batera sinatutako Europako Parlamenturako hauteskundeetarako hautagaitzaren manifestuak jasotzen duenez “ultraeskuinari mozorroa kentzeko, eta sistemak eta bere eliteen desberdintasunak betikotzeko baliatzen duten tresna bat dela agerian uzteko” lan egingo du. Halaber, “Europa-gotorlekuko mugetan milaka heriotza eragin dituzten eta arrazakeria elikatzen duten immigrazio politika kriminalen” kontra borrokatzeko konpromisoa ere bereganatu dute.
Europan emandako muturreko eskuinaren gorakada, EHBilduren ikuspuntutik, gertaera nabarmena ez ezik, askatasunaren eta demokraziaren kontrako mehatxua ere bada. Zentzu horretan, inolako hauteskundeetan hautatuak ez diren Troika bezalako eragileen inposaketek, muturreko eskuineko taldeek gizartearekin konektatzea ahalbidetzen dute.