Kataluniako Parlamentak onartutako adierazpen subiranistari Auzitegi Konstituzionalak ezarritako betoa probokazio hutsa eta mespretxu izugarria da Kataluniako gizartearen gehiagoren iritziarekiko. Hartutako erabakiarekin, Auzitegi Konstituzionalak eremu politikoan sartzen da eta ukatu egiten dio Kataluniari subjektu politiko burujabea izatea, eta modu antidemokratikoan atea ixten die errealitate nazionalei, Konstituzioak suposatzen duen kartzelan “Espainiaren batasuna” giltza bezala erabilita.
Izaera politikoa duen eta premia politikoen zerbitzura jokatzen duen auzitegi batek hartutako erabakiaren aurrean gaude. Gainera, Katalunia, Galizia eta Euskal Herria subjektu politikoak eta erabaki esparruak direla onartzeari behin eta berriro uko egiten dion Estatu bateko auzitegi bat da. Beraz, inongo sinesgarritasun demokratikorik ez duen erakundea da.
Kataluniako gehiengo politiko eta sozialak hartutako erabaki politiko bat atzera botatzeko ez da inor Auzitegi Konstituzionala. Euskal Herriak edo Espainiako estatuko beste edozein naziok hartutako erabaki politikoak atzera botatzeko ere ez da inor.
Espainiako estatua atzerakada demokratiko nabarmenean murgilduta dagoenean heldu da erabaki hau. Ageri-agerian geratzen ari da bere lurralde ereduak zein eredu instituzionalak porrot egin duela.
Eztabaida nazionala zein lurraldetasunekoa ez da parametro juridikoen arabera egin behar. Borondate politikoarekin eta izaera demokratikoarekin zerikusia daukan gaia da. Erabakitzeko eskubidea da jokoan dagoena. Ez bakarrik bere formulazioa, praktikan nola gauzatuko den ere bai.
Erabat kezkagarria iruditzen zaigu Gasteizko Gobernuak egindako balorazioa. Nazio aldarrikapenak defenditu daitezkeela adierazi du, nahiz eta indarrean dagoen marko legalak hori ukatzen duen. “Adierazpen politiko guztiak bideratu, mantendu eta adostu daitezke”, esan du Erkorekak, eta era horretara, zilegitasuna eman dio Euskal Herria ukatzen duen marko legalari eta bizkarra eman dio euskal gizartearen gehiengoaren aldarrikapenari.
Erkorekak aipatzen duen indarrean dagoen legedia da, hain zuzen, Konstituzioak ezartzen dituen mugak zehazten dituena. Hau da, horixe da edozein proiektu independentista, Kataluniakoa zein Euskal Herrikoa, gauzatzea galarazten duena.
Euskal Herriari edo beste edozein nazioari bere etorkizuna erabakitzeko aukera ukatzen dion erakunde politikori edo juridikori ez diogu zilegitasunik emango EH Bildutik. Eskubide hori euskal gizarteari dagokio, eta ez beste inori. Espainiako Konstituzioak, Auzitegi Konstituzionalak eta beste edozein órgano estatalek ez dute garalaziko Katalunia, Galizia edota Euskal Herria estatu burujabe bihurtzea, beren herritarrek hala erabakitzen badute.
Gure kontrakotasuna azaltzen dugu Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiaren aurrean, eta Euskal Herria, Katalunia edo Galizia subjektu politikoa direla onartzeko eta erabakitzeko eskubidea praktikara eraman ahal izateko etengabeko lanean murgiltzeko deia egiten dugu. Horixe da erantzunik onena eta jarraitu beharreko bidea. Erabaki antidemokratikoen gainetik, euskal gizartea, Euskal Herria, herriak, izango dira beren etorkizuna zein izango den erabakiko dutenak.