Iaz iragarri zenetik eta gaur egunera arte, EHBildutik behin eta berriro adierazi dugu Mariano Rajoyren gobernuak sustatutako abortuaren legearen erreformaren aurkako gaitzespenik irmoena. Hala berretsi dugu ordezkaritza dugun erakunde guztietan, emakumeek beren bizitzaren, gorputzaren eta osasunaren gainean erabakitzeko duten eskubidearen kontra egiten duen erreforma salatuz eta, aldi berean, gure erakundeei eskatu diegu beren eskumen guztiak erabil ditzatela eta berme guztiak jar ditzatela emakumeek libreki erabaki ahal izateko. Osasun, lege zein gizarte arloko bermeez ari gara.
Erreforma hau ez da herritarren aurka ematen ari diren eraso sortaren enegarrena. Herritarren erdiaren aurkako indarkeria ekintza zuzena da, emakumeen autonomiaren aurkako kolpe larria, beren gorputz zein bizitzen gainean erabakitzeko eskubidearen kontrakoa. Eta erantzun sendoa behar du lege honek, urratzen dituen eskubideen tamainakoa.
Horregatik, EHBildu koaliziotik Euskal Herriko mugimendu feministak larunbat honetarako Iruñean antolatutako manifestazio nazionalarekin bat egiteko deia egiten dugu, “Gure gorputza, gure erabakia” lemapean nafar hiriburua zeharkatuko dituena 17:30etatik aurrera. Izan ere, ardura ekidinezina da indar politiko, sindikal zein sozialentzat erreforma hau geldiaraztea, eta, horrez gain, jabetu behar gara indarrean dagoen araudia aldatu behar bada emakumeon eskubideak zabaltzeko izan behar dela.