Luis Salgado, Alternatiba eta Arabako EHBildu kidea Cegasaren inguruan: “Adibide honetan administrazioa publikoak ez du helburu ekonomikoa bilatu behar, soziala baizik eta langileen etorkizuna bermatzeko ahaleginak egin behar ditu”
EH Bilduk Cegasako langileen etorkizuna zain dezan eskatu dio Arabako Foru Aldundiari. Izan ere, egun 500 bat langile ditu eta horietako 400 arabarrak dira. Pasa den martxoaren 11an enpresaren zuzendaritzak hartzekodunen konkurtsorako eskaera eskatu zuen Gasteizko Merkataritza Epaitegian. Handik eta hamar egunetan Arabako Foru Aldundiak, epaileak horrela eskatuta, konkurtso administratzaile lana betetzeko profesional bat azpikontratatu zuen.
EH Bilduren elebidunak Luis Salgadok azaldu duenez, ez da ohikoa administrazio publiko batek horrelako paper bat betetzea baina oraingo honetan Arabako Foru Aldundia enpresaren hartzekodunen handienetarikoa da. “Adibide honetan administrazioa publikoak ez du helburu ekonomikoa bilatu behar, soziala baizik eta langileen etorkizuna bermatzeko ahaleginak egin behar ditu”. Zentzu horretan, helburu nagusia lanpostu guztiak mantentzea izan behar dela azpimarratu du Salgadok.
Arabako Foru Aldundiak berak onartu zuen enpresaren ahal den aktibitate gehien salbatzea nahi zuela eta horrekin batera ahalik eta lanpostu gehien. Horregatik, prozesu guztiaren zehetasunak ezagutzeko asmoz, Ahaldun Nagusiari interpelazioa egingo dio Salgadok. Hurrengo osoko bilkuran izango da, hau da, maiatzaren 7an. Ekimen horretan aurreikusten diren irtenbideak, likidazioaren ordez alternatibarik dagoen edo produkzioaren linea guztiak edo batzuk salgai jartzea planteatu duten ala ez galdetuko du EH Bilduk. Azkenik, ematen ari diren pausu guztien inguruan langileei informazio zehatza eta eguneratuta ematea planteatu du.
Beste aldetik, Eh Bilduren eledunak Ogasuneko zein Ekonomia Sustapenerako Foru Diputatuei informazio eskatu die. Besteak beste, Cegasa Taldeak duen zorra ezagutu nahi du EH Bilduk eta ea zorra hori edo zorraren zati bat Europar Batasunak legez kanpo utzi zituen opor fiskalen ondorioz izan den. Era berean, Ekarpenen bidez Foru Aldundiak duen parte-hartzea ezagutu nahi du eta azken hamar urteotan Cegasa Taldeari emandako diru laguntzak, hobariak edo kenkariak.