Alternatibako bozeramaile nazionalak, Oskar Matutek, “ateak ixtea” deritzo Espainiako Diputatuen Kongresuak atzo Kataluniako herriari galdeketaren harira emandako erantzunari: “Espainolismoaren erantzuna da, espainiar abertzaletasun ozpinduenak Kataluniako gehiengo sozialak aldarrikatutako eztabaidari bizkarra eman nahi diona”. Edozein kasutan, gaineratu du, “lortuko duen bakarra Kataluniaren aldetik aldebakartasunaren bideak aktibatzea da” bere etorkizuna erabakitzeko bidean.
Alderdi ezkertiarretik, estatu espainiarrean gehiengoa duten alderdiek “herriek haien etorkizuna askatasunez eta demokratikoki bideratzeko eta erabakitzeko asmo legitimoak geldiarazteko konstituzioa giltzarrapo gisa erabiltzen dutela” adierazi dute. Zentzu horretan, Matutek abiatutako bidean jarraitzera premiatu du: “Alternatibatik Kataluniako gizarte osoa prozesuarekin aurrera egitera eta askatasunez erabakitzeko helmugari eustera animatzen dugu, haien jomuga guztiz demokratikoa delako eta egungo erregimena zalantzan jartzen duelako”.
Bukatzeko, “egun, estatu espainiarrean mantentzen den erregimen hau, eskubideen ukapenean, askatasunen murrizketan eta ‘Espainia Handi eta Libre’ delakoaren ideia zaharkituan oinarritutako erregimena dela” gogoratu du. Errealitate honi aurre egiteko “egun, estatu espainiarraren menpean dauden herri eta nazioen, herri katalana eta herri euskalduna kasu, xede legitimoak” azpimarratu ditu.