EH Bildu Gasteizek ordutegi jakinetan jendez gainezka dauden auzo berrietako TUVISAko lineentzat irtenbidea eskatu du beste behin ere TUVISAko kontseiluan. Zehazki, erabiltzaileen pilaketa handiak ematen dira goizetan, Salburuako zerbitzuetan eta batez ere Zabalgana-Arkaiateko L6an. Koalizioak María José Ajuriaguerra gerente berriaren aurkezpena baliatu du linea horien errefortzua eskatzeko.
“Honako salaketa enpresaren aurreko garaian ere egin dugu jada, baina lehentasuna da zuzendaritza berriarentzat gure ustetan”, gogorarazi du David Pina EHBilduko zinegotzi eta Alternatibako kideak. Badira hilabeteak “Gasteizko auzo bietako erabiltzaileen eskaera dela”, azpimarratu du.
Bestalde, Gautxori gaueko zerbitzuaren atal bat goizeko 2etatik 4etara ez mozteko eskatu dute koalizioak TUVISAn dituen kontseilariek. 2 ordu horietan, egun martxan dauden 6 lineetatik 4k zerbitzua eten egiten dute. “Zerbitzurik gabeko ordutegia tabernen ixtearekin batera datorrenez, langileekin adostuta sistema berriro antolatzea proposatzen dugu”, gehitu du Pinak.
Pinak Maroto Alkateari eskatu dio, udal enpresaren arduraduna den heinean, tranbiaren maiztasunaren ardura hartu bai, baina behin betiko Gasteizko autobusetako garraio publikoaren arazoak konpontzen buru-belarri jartzeko. Kontseilariaren esanetan “honetan bai eskua duela, baita erantzukizun zuzena ere”.