Baso suteetarako taldeetako langileek ez dute telefono mugikorrik bere lanerako eta emisore bidezko komunikazioak askotan huts egiten du.
Izugarrizko murrizketak egon dira suteen aurkako borrokarako giza baliabideetan eta egungo langile kopurua ez da aski Bizkaia osoan sor daitezkeen suteei aurre egiteko.
Pasa den martxoaren 9an gertatutako suteak direla-eta EH Bilduk eskatutako batzorderatzearen harira, koalizioak Karrantza Haranan nahita piztu ziren sute-multzoari bereziki aurre egiteko egon ziren giza baliabide zein baliabide material gabezia larriak salatu ditu. Asier Vega EHBilduko batzarkide eta Alternatibako kideak OCELA protokoloa bete ez izanaren zantzuak daudela salatu du, Karrantzako sutean oinarrizkoak diren elementu ugarik huts egin baitzuten; komunikazio, behaketa eta zaintza lanetan bereziki, baita bertatik ihes egin ahal izateko bideak aurreikusteko orduan ere.
Aurreko egoeretako bakar bat gertatzea nahikoa litzateke langileek bere lana bertan behera utzi behar izateko, euren bizitza arriskutan jartzen baita.
EH Bildu Aldundiko erretenetako langileen ordezkariekin harremanetan jarri da eta jazotako gertaeren larritasuna ikusirik, zerbitzu horren gabezia larriak agerian jarri ditu:
– Langile hauek ez dute lanerako telefono mugikorrik, eta erabiltzen dituzten emisoreek huts egiten du maiz eremu malkartsuenetan, beraz hainbat momentutan guardian zeuden teknikariek eta gainontzeko kideek ez zuten komunikatzeko biderik, ez sutea itzaltzeko planifikazioaz hitz egiteko ezta arriskuen berri emateko ere. Gainera, emisore horien bateriak 2-3 ordu besterik ez du irauten (hori berriak izatekotan), eta bi besterik ez daramatzate soinean. Kontuan hartuta langile hauen jardunak 8 ordu inguru iraun dezakeela, argi dago komunikazioa ez dagoela bermatuta. Gainera, basozainek eta langileburuek besterik ez dute emisorerik, operarioek ez baitute holakorik.
– Ezin izan zen langileen eta sutearen beraren eboluzioa behatu eta zaindu, martxoaren 9ko egun horretan bertan ez baitzegoen behatze eta zaintza lanak egiteko baso suteetako langile-talderik. Gaur egun behatze eta zaintza lanetarako 2 talde besterik ez daude, orain gutxi arte bat gehiago zegoen. Langile gabezia honek eragiten du urtean zehar 27 astetan zaintzarik ez egotea. Eta langileek esan digutenaren arabera, martxoaren 9 eta 10ean ez zen behatze eta zaintza talderik egon.
Gertakari hauen larritasuna ikusirik eta langileek egindako salaketak entzunik, gaurko batzordean Irene Pardo diputatuari helarazi dizkiogu. Honek ez ditu ukatu, eta teknikariek egindako txostenean jasotako errepikatzera mugatu da. Gure aldetik, ezinbesteko ikusten dugu Nekazaritza Ahalduna langileekin batzea eta euren salaketa eta eskakizunei erantzun bat ematea eta egoera hauek konponduko dituen Suteei Aurre egiteko Plan orokor berria adostea. Kontuan hartu beharra dago 80 langile direla Bizkaia osorako eta berebiziko garrantzia duela langile hauen baldintzak eta baliabideak hobetzea.
EH Bilduk neurri hauek guzti hauek langileekin urgentziaz tratatu eta adostea eskatuko dio Aldundiari, baita lan hau Aldundiko langileek zuzenean egin dezaten exijitu ere, eta ez, esate baterako, Basalan moduko enpresa zerbitzuek. Izan ere, enpresa hauetako langileak askotan ez dira adituak eta gehienetan modu erabat iragankorrean daude lanean.