Gaur, Artigaseko zabortegira hurbildu dira EHBildu Bizkaiako ordezkariak, azken hilabeteetan hondakinen kudeaketaren harira Bizkaian sortu den zalapartaren inguruan iritzia ematera. Asier Vega Alterantibako kide eta Bizkaiko batzarkidea eta Maribi Ugarteburu aritu dira bozeramaile.
Aste honetan bertan entzun dugu Unai Rementeria, Bizkaiko Aldundiko eleduna, Bizkaiak hondakinen kudeaketaren ziklo osoa ondo itxita daukala esanez, eta lurraldeak, gai honekin, arazorik ez daukala baieztatuz.
EHBILDUk adierazi nahi du, Bizkaiko gizarteari ezin zaiola matxuratutako produkturik saldu, eta batez ere, geure buruari tranpak egiteak ez garamatzala inora.
Hondakinen kudeaketa oso gai serioa da. Lehen mailako erronka bat jendarte-eredu iraunkor baten alde egin behar dugunontzat. Ez dezagun ahaztu gainera, europar zuzentarauek, 2020an, birziklatu daitekeen guztia birziklatzera behartuko gaituztela.
Norabide horretan aurrera-urratsak ematea denon ardura da, bereziki instituzio publikoena. Gaur, Aldundiari arduraz jokatzeko eskatzera gatoz hona, eta gure kezka adieraztera Aldundiak berak azken aste eta hilabeteetan emandako hainbat informazioren inguruan:
Birziklapena
Otsailaren 21ean, Josu Madariaga ingurugiro diputatuak jakinarazi zuen Bizkaiak 2013an %50eko birziklapen-tasa erdietsi zuela. Aste honetan prentsan publikatutako Gorka Bueno EHUko irakaslearen analisiak argiki adierazten du Foru Aldundiak bere buruari tranpak egiten dizkiola datuak emateko orduan. Datu hau ez da zuzena, inondik inora. Europako Hondakinen Direktiba Esparruak datuak emateko agintzen duen metodologia jarraituz, eta gure buruari tranparik egin gabe, Bizkaiak hondakinen %36 baino ez du birziklatzen. Eta beraz, erdia birziklatzetik oso urrun dago Bizkaia gaur egun.
Zabalgarbi
Zabalgarbiri dagokionez, Ekologistak Martxan-ek otsailean kaleratutako ikerketak azpiegitura honen gaineko zalantza ugari jarri ditu mahai gainean. Bi aipatuko ditugu gaur hemen, lehena efizientzia energetikoari dagokiona, eta bigarrena, azpiegitura honen bideragarritasun ekonomikoari dagokiona.
Efizientzia energetikoa
Ekologistak Martxanen ikerketaren arabera Zabalgarbik ez du bere jarduera balorizazio energetikotzat jotzeko beharko lukeen gutxieneko efizientzia energetikorik. Berriro, efizientzia hau neurtzen duten faktoreak kalkulatzerako orduan akats metodologikoak aurkitu ditu ikerketa honek. Datu hau giltzarria da, horrela izanik, Zabalgarbik ez bailituzke Europak markatzen dituen zuzentarauak beteko.
Honi, gainera, gehitu behar zaio, 2013. urtean, Zabalgarbik, 132 egunetan ez zuela argindarrik saldu. Eta beraz, denbora horretan erraustutakoa ezin da balioztatze energetikotzat jo. Beraz, erraustutakoaren %36 deuseztutzat jo behar da zuzenean.
Bideragarritasun ekonomikoa
Ekologistak Martxanen ikerketa berberak azpiegitura honen bideragarritasun ekonomikoa ere zalantzan jartzen du. Zabalgarbik diru-laguntza publiko pribilegiatuak jasotzen ditu, energia berriztagarriei dagozkien primak hain zuzen. 2012an 20M jaso zituen, nahiz eta Zabalgarbik produzitzen duen energiaren %15 soilik izan berriztagarria. Azpiegitura honen efizientzia energetikoa zalantzan dagoelarik, primarik gabe, Zabalgarbi defizitarioa izango litzateke nabarmen.
Ikerketa hau argitaratu eta egun batzuetara EHBILDUk Josu Madariaga ingurumen diputatuaren batzorderatzea eskatu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietan, Zabalgarbiren gaineko azalpenak eman zitzan. Bi hilabeteren ondoren ez da batzorderatzerik gauzatu.
Zabortegiek ez dute itxiera datarik
Zabalgarbi zabortegietara zuzentzen den hondakin-sortzaile handia da. 2009-2012 denbora tartean, 208.000 tona hondakin atera ziren Zabalgarbitik, Zalla eta Igorreko zabortegietan bukatu zutenak. Denbora tarte berean 16.100 tona hondakin toxiko sortu zituen, Bistibieta (Lemoa) eta Larrabetzuko zabortegietara eraman zirenak.
Bizkaiak zabortegien lurraldea izaten jarraitzen du egun. Gaur hemen gauden honek, Artigasekoak 2019an du itxiera data, eta Jatakoak, gaur egun, ez du itxiera datarik.
Bizkaiak arazo bat du
Unai Rementeriak dioenaren kontra beraz, Bizkaiak arazo bat du hondakinen kudeaketarekin, eta ez nola nahikoa gainera. Egun martxan dagoen kudeaketa-ereduak ez du bahimenduko Bizkaian, 2020an, Europak markatzen dituen materialen birziklatze-tasak erdiestea.
Aldundiaren eredua den 5. edukiontziak ez du esperotako emaitzik ematen. Jauzi bat emateko ordua da. Eskualdez eskualde, herriz herri, bilketa selektiboa oinarri eta birziklapena helburu, aukerarik onenak aztertu eta martxan jartzeko garaia da. Ezin dugu denbora gehiago galdu.
Erantzunkizunez jokatzeko ordua da, gardentasunez eta tranparik egin gabe. EHBILDUk horrela egingo du.