Datozen opor egunetarako ekimen desberdinak antolatu dira Bilbon, horien artean ekitaldi erlijiosoak ere. Udalak, beste urte batez, ekimen erlijiosoak, iragartzeaz gain, diruz lagunduko ditu. Honen aurrean, EHBilduko Bilboko Udal taldeak administrazio publikoa eta konfesio erlijiosoen arteko bereizketaren beharra azpimarratu du. Sinesmen eta balore ezberdinetako pertsonen arteko elkarbizitza bermatuko duen eremu bakarra laikotasuna dela uste du ezkerreko koalizioak.
Alternatibako kide eta EHBildu Bilboko zinegotzi Ana Etxartek salatu du “Bilbon ez dela betetzen instituzioen eta konfesio erlijiosoen artean egon beharreko bereizketa”. “Kontzientzia askatasuna oinarriko eskubide gisa bermatuko balitz, Udalak ez luke programa argitaratu, datorren egunetarako ekitaldien artean prozesio katolikoak lehenesten dituena”, adierazi du Etxartek.
EHBilduko zinegotziak azpimarratu du Bilboko Udalak, “Bilbon bizi garen pertsona guztion ordezkaria denak”, prozesioak ezin ditu aurkeztu gure ondarea eta nortasuna gisa, bertoko biztanle askok ez dugulako gure burua erlijio katolikoarekin ordezkatuta ikusten”.
EHBilduk gogoratu du aurrekontuen inguruko eztabaidan halako diru-partidak bertan behera gelditzea eskatu zuela – proposamena ez zen aurrera atera EAJ eta PP kontra agertu zirelako. Orain, Etxartek berriro eskatu du kutsu erlijiosoa duen edozein ekitaldi diru publikoaz ez laguntzeko.