Alternatibaren Gipuzkoako koordinatzaile Ayem Oskozek Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren azken erabakia deitoratu du, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto preso mantentzea dakarrena, ezarritako zigorraren hiru laurdenak beteta izan arren eta “bidegabe atxilotu zituzten arren, ez baita logika politiko zein etikorik egungo egoera iraunarazteko” Bateragune delakoan auziperatuentzat.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak berriz ere salatu ditu “bakegintzan aritzea delitu bakarra duten pertsonei” ezarritako zigorrak eta ziurtatu egin du, halaber, Otegi zein besteak kartzelan egoteak “agerian” uzten duela, “are gehiago eta posible bada, Espainiako estatuan dagoen justizia gabezia eta bere gobernua bakea oztopatzearekin tematuta dagoela, Moncloatik gatazkaren konponbidea eta normalizazioa politikorako egoera berrian gaudela onartu nahi ez dutelako”.
Azkenik, Oskozek auzitegiei dei egin die “euskal herritarren gehiengoaren aldarrikapena entzun dezatela, erreforma basatiak eta politika atzerakoiak ezkutatzeko iraganeko mamuak astindu nahi dituztenen tresna izateari utz diezaiotela, hauek inposatu nahi duten ikuspegia ez baitator bat ez errealitatearekin ezta herri honek bere etorkizuna bakean eta pertsona guztien eskubide guztien aitortzan eraikitzeko duen beharrarekin”.