EAJ, PSE eta PPk ez dute oztopatu nahi izan Europako eta Estatu Batuetako agintariek egiten diharduten merkataritza askeko ituna. EH Bilduk aukera eman die Legebiltzarreko osoko bilkuran, amerikako transnazionalek kapitalismoaren izenean inpunitatez Europan sartzea gaitzesteko. Aldiz, jeltzale, sozialista eta popularrek nahiago izan dute “zuhurtziaren” izenean sinadura hori ez oztopatzea. Itunak ahalbidetuko du “enpleguan, ingurumenean, osasun publikoan eta elikadura segurtasunean ondorio suntsitzaileak” izatea, salatu du Oskar Matute legebiltzarkideak.
Koalizioak beste bide batetik jotzeko proposamen politikoa egin du Legebiltzarrean, hain zuzen, “Europako herrien burujabetza erreskatatzeko eta herritarrak enpoderatzeko bidean”. Hiru alderdiek guztiz kontrakoa egin dute, “kapitalismoaren izenean krisi sozioekonomikoan sartu gintuen Europara itzultzea, bidea irekiz transnazional eta lobbiek Europako botere politikoa eskuratzea, euren intereserako erabiltzeko”. “Estatu Batuen interes geoestrategikoen eta bere morrontzara dagoen Europa nahi duzue”, esan die Matutek, eta “hala ere, gai izango zarete kanpainan Europa demokratikoagoa eta sozialagoa nahi duzuela aldarrikatzeko”.