Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakiaren aurrean, UPDk jarritako helegitearen harira Euskal Herria Bildu-Herriek Erabaki koalizioak EAEko hedabide publikoetan Europako Hauteskundeen harira zituen doako iragarki tarteetatik bi heren kentzea ekarri duena, EHBildutik salatu egin nahi dugu PNV, PP eta PSOEk ordezkatzen duten sistemaren aurkako ahots kritiko bakarra isilarazi nahi dutela salatu nahi dugu. Aitzakia bikaina topatu dute Euskal Herrian inolako sostengurik ez duen talde politiko baten eskutik.
Gogorarazi nahi dugu EHBildu egun osatzen duten alderdiek, 2009ko Europarako hauteskundeetan 156.000 bozka lortu zituztela EAEn eta alderdi hauetako biren hautagaitzak, Aralar eta Eusko Alkartasunarena, ordezkaritza lortu zutela. Are gehiago, gaur egun Iñaki Irazabalbeitia Aralarreko kidea dugu ordezkari Europako legebiltzarrean. Beraz, ikuspuntu sozial zein mediatikoetatik guztiz ulergaitza da hedabide publikoetako iragarki tarteetatik gu desagerraraztea. Izan ere, dagoeneko RTVEn ez da gure iragarkia berriz agertuko kanpaina osoan eta EiTB 4 aldiz baino ez kanpainaren azken egunean.
Azpimarratu nahi dugu, halaber, azken hauteskundeetan, EAEko legebiltzarrerako eginikoak, EHBildu bigarren indarrik bozkatuena izan zela 277.000 botorekin. Ebazpenak, hartara, herri honetako bigarren indar politikoa isilarazi nahi du.
Aldi berean, azpimarratu ere, Hauteskunde Batzorde Probintzialean hauteskunde tarteen banaketaren negoziazioan egindako akordioa, HBPan dauden alderdi politiko guztien onespenarekin egin zela, akordio horren kontra helegitea jarri duen alderdia barne.
Bukatzeko, EHBildutik herritar guztiak eta bereziki, koalizioaren militanteak deitzen ditugu, HBPak kendu dizkigun kanpainarako spoten tarte horien lekua auzo eta herrietako lanaren, edota sare sozialen bitartez betetzera.